Sei hileko epean erregulatu gura dituzte gazteen lokalak

Anboto 2012ko ots. 2a, 09:10

Lokalen erabilera arautzeko ordenantza onartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk

Lokalen erabilera arautzeko ordenantza onartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk.

 

Asteon onartutako ordenantzaren arabera, erantzukizun zibileko asegurua eta suteen prebentziorako sistema eduki beharko dute lokalek, eta jabeek lokalen egoera erregularizatzeko sei hilabeteren epean datuak eta agiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean. EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin onartu dute ordenantza; Bilduk eta Aralarrek kontra bozkatu dute.

 

“Gazteen segurtasuna eta auzokideen lasaitasuna” lortzeko ordenantza beharrezkoa dela nabarmendu dute EAJk eta PSE-EEk. Alderdi Popularrak, batzar askoren ondoren, pozik hartu du ordenantza plenora eroan izana.
Aralarren esanetan, “arazoak ez dira ordenantzagaz konponduko”. Bilduren iritziz, berriz, “lokalak ezagutu barik” egindako ordenantza da osotutakoa, eta  egokiagoa litzateke “auzokideen eta  gazteen eztabaidatik” sortzea. Bi alderdientzat premiazkoa da gazteen aisialdi beharrei buruz hausnartzea. EAJ hausnarketaren alde agertu da, baina lokalak “errealitate ukaezina” direla azaldu du. Sozialistek suteen prebentziorako sistemaren garrantzia nabarmendu dute.

 

Ordutegia

Ordenantzaren arabera, lokalen ordutegia 22:30 artekoa izango da. Bariku, zapatu eta jai bezperetan 23:30 arte luzatuko da ordutegia; udan 23:00ak arte eta Sanfaustoetan, Aste Santuan, Gabonetan eta inauterietan 00:30 arte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!