#0km

Durangaldeko ekoizleen produktuak ezagutzeko eta dastatzeko jardunaldiak antolatu dituzte herririk herri

Anboto 2022ko abe. 13a, 14:53

Elikatu Durangaldea dinamikak eskualdeko produktuak ezagutarazteko kanpaina berri bat hasi du gaur. Zigor Iturrieta sukaldari, kirolari eta telebista aurkezlea lagun, "Durangaldeko elikagai osasuntsuak esku-eskura" daudela eta "gure herrietako dendetan" topatu daitezkeela azaldu diete 300 bat ikasleri. Aurrez aurreko lau jardunaldi egingo dituzte eskualdeko herrietan.

"Jatorrian dago helmuga". Elikatu Durangaldea dinamikak mezu horrekin definitu du eskualdeko ekoizleen lana eta produktuak ezagutzeko kanpaina berria. Elikadura burujabetzaren hausnarketa piztea gura dute, horrekin, komunitatea sortzeko. Zigor Iturrieta sukaldari, kirolari eta telebista aurkezlea arduratu da kanpaina hasteaz. Iturrietak aurkezpen erraldoi bat egin du goiz honetan, San Agustin Kulturgunean batutako 300 bat ikasleren aurrean. Elikadura ereduak norberaren osasunean, eskualdeko ekonomian eta gizartean duen eraginaz ohartarazi die ikasleei. Koilara eskuan, Durangaldeko ekoizleen eta dendarien aldeko argazkia atera dute. Baina gaurko ekitaldia ez da esku hutsik sortu. Aurrera begira ekoizleen produktuak ezagutarazteko jardunaldiak egingo dituzte-eta eskualdeko udalerrietan, han-hemenka.

Jardunaldiak, herririk herri

  • Iurretako Bizio sagardotegiko kideek etorkizuneko sagardogintzari loturiko proposamenak aurkeztuko dituzte Traña-Matienako Taberna Zarran (Abadiño). Dastaketa eta azalpenak abenduaren 15ean eskainiko dituzte, 19:00etatik aurrera. 
  • Arrazolako Panarra okindegiko Gabi Romerok (Atxondo), gaur egungo ogi artisaua ipiniko du elorriarren eskura. Dastaketa eta jardunaldia abenduaren 16an, 12:30etan egingo dute. 
  • Ane De la Maza garaitarrak bere garagardo eta kontserbak aurkeztuko ditu Zornotzako udal plazan. Elikatzeko eta kontsumitzeko moduak landuko ditu bertan. Jardunaldia abenduaren 17an izango da, 12:00etan.
  • Iurretako Bizio sagardotegiko kideek beste jardunaldi bat egingo dute Ermuko Orbe Kardinala plazan. Abenduaren 18an egingo dute, 12:00etan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!