Aste Santutik hona baserriko ateak zabalik egon dira bezeroak hartzeko prest, 08:00etatik, egunero. "Hasiera-hasieratik kalitatezko ogia egitea zen gure asmoa, zurezko labean eginiko artisau-ogia eskaintzea bezeroei. Eta, egia esan, oraingoz oso pozik gaude, bezero asko izan dugu eta. Okindegiak oso harrera ona izan du herrian", esan du Romerok.
Bezeroen eskariei ahalik eta ondoen erantzuteko, Romero eta Anakabe goizaldeko ordu txikietan hasten dira martxan. "Lehenengo orduan bezero dezente izaten dugu, eta 08:00etarako dena prest izateko 01:30 inguruan hasten gara martxan", jarraitu du.
Zurezko labea dute, eta urun ekologikoagaz zein bertakoagaz hainbat ogi mota egiten dute, gustu guztietako bezeroengana ailegatzeko asmoz: baserrikoa, txapata, moldekoa, integrala, zerealduna, espeltazkoa, mahaspasa eta intxaurduna, galegoa eta arto opila, besteak beste. "Ogi-barrak ere egiten ditugu. Bezero mota batentzat agian besteak baino eskuragarriagoak izan daitezke eta", esan dute.
Gozoak ere bai
Ogiaz gainera, barikutik domekara gozoak ere egiten dituzte Arrazolako okindegian: palmerak eta napolitanak, besteak beste. "Orokorrean, oso gozozaleak gara eta asteburuetan gozoek oso harrera ona izaten dute. Napolitanak berehala amaitzen dira", adierazi dute.