Beherapenak

"Gabonetako denboraldia apal joan da merkatariontzat"

Jone Guenetxea 2022ko urt. 21a, 09:30

Pandemiaren hasieran, tokiko merkataritzaren garrantzia agerian geratu zen. Zero kilometroaren aldarria geroago eta ozenago entzuten hasi zen. Baina urte bi geroago, zein egoeratan dago Durangaldeko tokiko merkataritza? Galdera horri erantzunak bilatu guran, Durangoko Dendak Bai elkarteko, Zornotzako Dendariak elkarteko eta Elorrioko Merkatari Elkarteko (EME) kideek tokiko komertzioaren inguruko gogoeta egin dute.

Neguko denboraldia eta batez ere Gabonetako salmentak iaz baino baxuagoak izan direla azpimarratu du Alex Palacios Dendak Baiko presidenteak. "Iaz, Gabon aurreko asteetan itxiera perimetrala ezarrita zegoenez, Gabonetako kanpaina ona izan zen. Aurtengoa apalagoa izan da", dio durangarrak. Gabon osteko beherapenetan, arropa-dendek egoera zeozer hobetu dutela gaineratu du Palaciosek. Antzeko argazkia egin dute EMEko eta Dendariak elkarteko ordezkariek ere Elorrioko eta Zornotzako komertzioaren inguruan.

Izaskun Agirre EMEko kideak dioenez, "Gabonetan jende asko kutsatuta eta konfinatuta egon da eta uste dugu horrek eragina izan duela salmentetan. Gabonetako denboraldia apal joan da merkatariontzat", dio Agirrek.

Elorrioko merkatarien ustez, zero kilometroaren kontzientzia gehiago igartzen zen lehen. "Elkarte legez, guk Elorrion bizi, Elorrion erosi, denok irabazi kanpaina egiten dugu urtero. Aurten ere farola denetan ipini dugu lelo hori. Iaztik hona, jendeak ahaztu egin du hori. Badago jendea tokiko merkataritzaren aldeko hautua egiten duena, baina gazteek batez ere, erosotasunagatik-edo, sarean erostera jotzen dute".

Zornotzako merkatari elkarteko Asier Madariagaren esanetan,  "geroago eta erosoagoak gara eta ez dugu gura gure etxe azpian dagoen dendetara joan, klik baten bitartez erosketak egiteko aukera badugu".

Bonuak lagungarri
Urte hasieran martxan ipinitako bonu kanpainagaz igarri dute merkataritzari emandako bultzada. "Bonuek laguntzen dute. Une batzuetan gehiago igartzen da, lehendik ere komertzioan aktibitate baxuko hileetan egiten bada. Salmenta aktibatzen du. Gabonetan, esate baterako, ez da hainbeste igartzen, lan askoko sasoia izaten delako. Durangon, irailetik udalaren kanpaina bi eta Aldundiaren kanpaina bat izan ditugu. Orain, Jaurlaritzaren bigarren zatia dugu", azaldu du Palaciosek.

Merkatarien zailtasunak
Plataforma handien sareko salmenta da tokiko merkataritzari kalterik handiena eragiten diona. Merkatari elkarte guztiak bat datoz horretan. "Sareko salmentak igo egin dira eta horregaz ezin gara lehiatu. Ulertzen dut herri txikietako merkataritzan ez daudela aukera guztiak. Baina herrian dauden aukerak baliatzea da kontua. Ondoko dendan erosi dezakezuna Interneten bitartez erosteak ez du zentzu handirik", dio Agirrek.

Zornotzaren kasuan, Dendariak elkarteko Asier Madariagak dioenez, "instituzioek puntu ahul horiek aurreikusi dituzte, eta horrek saihesteko, sareen bitartez erosketak egiteko plataformak egokitu dituzte modu lokal batean azken urteotan. DendaGo, Eup!... Dendariak elkarteak, esate baterako, pandemiaren lehenengo etapan Zornotza Bultzatuz izeneko plataforma atera genuen sarean, Zornotzako dendak itxita zeudenean jendeak bertako dendetan erosi zezan behin horiek zabaldurikoan, bonuak erabilita. Iaz, udalak Zornotzan erosi plataforma atera zuen eta plataforma honetan Zornotzako merkatariek euren produktuak igotzeko aukera dute. Horrela, sarean azalduz digitalki handitzen dute euren merkatua. Gura duenak oraindino eman dezake izena".

Hala ere, tokiko merkatariek sarean ere saltzeko ideia horrek baditu bere zailtasunak. "Dendarioi Interneteko salmenta martxan ipintzeko esaten digute askotan. Baina denda txikietan ez dut hori posible ikusten. Guk ez daukagu hainbeste produktu, ezinezkoa zaigu pertsona batek neurri desberdinetako produktu bi eskatzea eta gero bat bueltatzea, edo sare bidezko salmentan gertatzen diren horrelako gauzak", argitu du Madariagak. 

Alex Palaciosen ustez, tokiko merkatarien digitalizazio prozesua malgua izan beharko litzateke: "Erronka bat da dendari bakoitzak bere modura digitalizatzen ikastea. Ez dago modu bakar bat denda guztientzat. Batzuk whatsapp bidez egingo dute, beste batzuk webgune bategaz, plataforma baten bitartez... Sare sozialak ere erakusleiho bat dira. Denda askok denbora daramate horretan. Gu ere garatzen gabiltza".

Interneteko plataformez gainera, Durangaldeko merkatarien beste lehiakide bat Bilboko komertzioak direla gogoratu du Palaciosek. "Herriko gastu handi bat hiriburura joaten da", gaineratu du durangarrak.

Belaunaldi aldaketa
Egungo egoerari herri txikietan belaunaldi aldaketaren zailtasuna gehitu behar zaio. "Elorrion ixten diren komertzioak ez dira zabaltzen. Kasu bitan bakarrik beste jabe batzuek hartu dute negozioa, baina hemendik hamar urtera asko jubilatu egingo gara eta ez dut uste jarraipenik egongo denik", ohartarazi du Agirrek.

Lau dendarigaz berbetan
ANBOTOk beherapenen inguruan eskualdeko lau merkatarigaz hitz egin du. 
Kristina Fernández (Durango, Bambas)
Mikel Gonzalez (Berriz, Mikel Sport)
Sara Bernedo (Elorrio, Sara denda)
Agurne Azkarate (Durango, Oliver arropa-denda)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!