#0km

"Sare sozialak dendako produktuak erakusteko eta denda ezagutzera emateko erabiltzen ditut"

Joseba Derteano 2022ko urt. 21a, 09:30

Mikel Gonzalez Kirol Sport dendak urtebete pasatxo darama zabalik Berrizen. Kirol arropa eta zapatilak saltzen ditu. Gustura dago dendak orain arte izan duen harreragaz.

Merkataritza-zentro handietarako joera dagoen garai hauetan, zer arrisku du herri txiki batean denda zabaltzeak?
Herri txikietan badakizu herriko jendeagaz bakarrik errentagarritasuna ateratza oso gatxa dena. Baina nire kasuan behintzat, dendaren berri izan duen eta tokian tokiko merkataritza babestu gura duen kanpoko jendea ere badator. Apurka-apurka joan behar da, eta denbora batera balantzea egin.

Beherapenak sasoi ona dira salmentarako?
Bai, beti sasoi berean dira eta horrek jendearengan ohitura bat sortzen laguntzen du. Gainera, udalek, Aldundiek edo Jaurlaritzak ateratzen dituzten deskontu bonuek asko laguntzen dute jendea erakartzeko. Formula ona dira.

Sare sozialak baliagarriak dira negozioa ezagutarazteko?
Bai. Sare sozialak dendan ditudan produktuak erakusteko eta denda ezagutzera emateko erabiltzen ditut, bezeroak dendara erakartzeko amu modura. Jendea dendara joatea eta han gertuko zerbitzua eskaintzea gustatzen zait: zer neurritako zapatilak behar dituzten, zoruari gehiago edo gutxiago heltzen diotenak…, bakoitzak bere beharrizan propioak izan ditzake eta.

Dendara bertara joateak baditu bere abantailak.
Bai. Bertara joan, zapatilak probatu, dendariak zer aholkatzen dizun ikusi… Jendeak asko eskertzen du orientazio hori, eta niri ere asko gustatzen zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!