#0km

"Beherapenetako lehenengo astea oso ona izan da"

Ekaitz Herrera 2022ko urt. 21a, 09:30

Agurne Azkaratek 27 urte daramatza Durangoko Oliver arropa-dendan beharrean. 9 urte saltzaile lez, eta 18 arduradun postuan. Ume eta nerabeentzako arropa saltzen du gehienbat. Gabonetako salmentak apal joan direla dio.

Zelakoa izaten ari da beherapenen denboraldi hau?
Beherapenetan oso ondo saltzen gabiltza. Euskadi Bonu Dendaren kanpaina martxan ipini dute eta igarri dugu. Beherapenetako lehenengo astea oso ona izan da. Gabonetan, ostera, ez gara horrela ibili. Beste urte batzuetan baino dezente gutxiago saldu dugu. Familiarteko kideak ohi baino gutxiago elkartu direnez, horren eragina igarri dugu. Jendeak esan izan digu arropa biloba guztientzat erosi barik, bilobaren batzuentzat baino ez zuela erosiko. Horrelako egoerak izan ditugu.

Zelan zabiltzate moldatzen Internetek eskaintzen duen erakusleihoan? Digitalizazioa konplikatua da?
Facebook eta Instagram kontuak ditugu. Iazko itxialdian gogoan dut Facebook-en bitartez saldu genuela. Whatsapp Business izeneko aplikazioagaz ere bai. Baina ez da ohiko sistema. Internetek balio izan digu produktuak ezagutarazteko erakusleiho legez, baina erosketak hemen bertan egiten ditugu. Azken finean, gure bezeroak ingurukoak dira eta bertara etortzen dira.

Zelan baloratzen duzu Bizum sistema dendetako salmentak egiteko?
Nire kontu pertsonaletarako erabiltzen dut, baina, oraingoz, bankuek ez dute aukerarik ematen Bizuma  negozio bati lotuta egoteko. Gustatuko litzaidake edukitzea, kanpoko erosleak ere baditut eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!