#0km

"Internet bidezko bezeroak Asturiaskoak eta Kantabriakoak dira, hemengoak baino gehiago"

Ekaitz Herrera 2022ko urt. 21a, 09:30

Kristina Fernández Axpe eibartarra da sortzez, baina Elorrion bizi eta Durangon lan egiten du. 6 urte dira Montevideo kaleko Bambas denda zabaldu zuenetik. Oinetakoak eta arropa saltzen ditu batez ere. Beherapenetan bete-betean sartuta dago. Gaur egungo beherapenak ez direla lehengoen modukoak azaldu du.

Beherapenen sasoi betean gaude. Zelan doaz dendako salerosketak?
Gaur egungo beherapenak ez dira garai batekoen modukoak. Azalera handiko komertzioek deskontuak izatera ohitu dituzte bezeroak. Promozio bereziak direla edo Black Friday dela, gaur egun ez duzu beherapenak izan arte itxaron beharrik. Dena dela, pozik gaude, jendea badator. Aprobetxatzen du denboraldia. Oraingoz, ondo gabiltza.

Zelakoa da bezeroaren martxa?
Koronabirusaren gai honegaz jendea nahiko triste dabil. Positibo bat hemen, itxialdi bat han. Igartzen da hori. Jendea badabil, baina ez da lehengo motibazio hori. Goibel ikusten dut.

Zelan ari zarete moldatzen Interneteko salmentetara?
Interneten egundoko konpetentzia dago. Guk marka eta etxe ezagunak ditugu dendan, eta ahalegintzen gara produktuak apur bat desberdintzen. Koloreetan eta materialetan, adibidez. Internet bidezko bezeroak Asturiaskoak eta Kantabriakoak dira, hemengoak baino gehiago. Sevillatik ere jende dezentek egiten dizkigu eskariak. Esango nuke produktua Instagramen ikusten dutela lehenengo, eta gero sarean egiten digutela erosketa. Dena dela, dendan bertan fakturatzen dugu gehien, inguruko herritarrekin. (@bambasdurango)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!