#0km

“Gazteek garrantzi handiagoa ematen diote produktu ekologikoari; helduek, tokikoari”

Irailean hiru urte beteko ditu Firue dendaren ardurapean. Esti Urrutxurtuk (Abadiño, 1975) orain arteko ibilbidearen balantze positiboa egin du. Durangaldeko produktu ekologiko ugari topatu daiteke bertan.

Zure dendako produktuen artean, zenbat izan daitezke Durangaldekoak?
Ez nuke zehatz kalkulatzen jakingo, baina bota %15. Etxanoko jogurta eta gazta, Garaiko garagardoa eta kontserbak, Atxondoko eztia, Izurtzako zukuak, Elorrioko berakatz beltza, Abadiñoko berdurak, Otxandioko marmeladak eta zukuak, Erliako arrautzak,... deneriko jeneroa eta hainbat lekutakoa saltzen dut dendan. Sasoiaren arabera, gauzak aldatzen joaten dira. Topatu daitezke bertako produktu gehiago ala gutxiago.

Hona datozen bezeroek ba al dute Durangaldeko produktuak eskuratzeko grina?
Bai, bai. Galdetu egiten dute. Zeinena da honako produktu hau? Bai, horrek eragiten du. Jende nagusiak, plazara joateko ohitura duenak, adibidez, ekoizleak ezagutu ohi ditu, eta galdetzen du ea ekoizlea nor den. Bestalde, hemen eskaintzen duguna bertakoa eta ekologikoa da. Eta iruditzen zait gazteek garrantzi gehiago ematen diotela lehenengo faktore horri, ekologikoari. Nagusiek, ostera, bertakoa izateari egiten diote azpimarra. Faktore bi horiek bat egiten badute, ederto. Baina iruditzen zait gazteek gehiago jotzen dutela produktu ekologikoetara eta helduek tokikoetara.

Zelako garrantzia ematen diozu tokiko produktuari?
Ekoizleak ezagunak izateak hurbiltasuna ematen dit. Abantailak ditu. Momenturen batean zeozer falta badut edo arazoren bat badago, bertara joan naiteke, erraztasunak eman... Garrantzi handia ematen diot hartu-emana sortzeari, zalantzak argitzeari. Konfiantza ematen dit. Lasaitasun moduko bat ematen dit.

Elkarrizketatuak

Durangaldeko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bitartez jaso gura dituzu? Hauek dira bi aukerak.

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @anbotokomunikabideak kanalera.