Zelakoa da erosleen jarrera? Badute hemengo produktuak kontsumitzeko ohiturarik?
Supermerkatu handietan erosten duen jende asko dago, baina badago bertakoa laguntzen duen herritar ugari ere. Guk supermerkatuen aldean eskaintzen duguna kalitatea da gehienbat. Supermerkatuetan, ontziraturiko okela topatuko duzu. Eta ez duzu jakingo okela horri zein tratamendu eman zaion ez eta nondik datorren ere. Ez duzu zuzeneko informazio hori. Hemengoa, ostera, badakizu eguneroko produktua dela, oso freskoa dela. Aitak transmititutako filosofiari jarraituta esango nuke, supermerkatu bat ez dela gure konpetentzia zuzena. Ez ditut lehiakide legez ikusten. Haiek ez dituztelako guk ditugun produktuak. Guk kalitatea eta bezeroarekiko bikaintasuna eskaintzen ditugu.
Bezeroek ba al dute okelaren jatorriari buruzko jakin-minik? Galdetzen dizute nondik dakarzun?
Askok bai, galdetzen dute okela nongoa den, nondik ekartzen dugun. Eta gero badira beste asko, gugan konfiantza handia dutelako, galdetu ere egiten ez digutenak. Gure hornitzaile nagusia Izurtzakoa da. Txahalak, arkumeak zein txerriak hartzen dizkiogu. Baina baditugu hornitzaile gehiago ere. Larrinagatxu, Maume, Markina eta Gautegiz-Arteaga aldeko txahalak hartu izan ditugu. Ingurukoak eta Bizkaikoak.
Ez da ohikoa harategietan zure moduko arduradun gazteak topatzea.
Niri negozioa familiatik etorri zait, baina ikasi beharrekoak ikasi eta indarra batu dut honegaz aurrera egiteko. Komertzialak etorri ohi zaizkit negozioko arduradunagaz berba egin gura dutela esatera. Askok sorpresa hartzen dute arduraduna ni naizela erantzuten diedanean.
Elkarrizketatuak
- Esti Urrutxurtu (Firue denda, Abadiño): "Gazteek garrantzi gehiago ematen diote produktu ekologikoari; helduek, tokikoari"
- Ana De la Maza (Garai Kontserbak, Garai): "Elikatzea ekintza politikoa da, kontzientzia izatetik praktikara pasatu behar dugu".