Lidia Cañete durangarrak Euskadiko arku-tiro txapelketa irabazi du errekor berriekin

Joseba Derteano 2021ko mai. 4a, 08:30
Lidia Cañete atzo irabazitako urrezko dominarekin.

Beteranoetan parte hartu duen aldi bietan txapela jantzi du.

Osasun-krisia hasi aurretik zuen maila onari eusten dio Lidia Cañetek eta atzo Euskadiko arku-tiro txapelketa irabazi zuen Sestaon, beteranoen mailan. 2019an, beteranoetarako saltoa eman zuen urtean, txapelketa irabazi zuen eta aurten berritu egin du. 2020an ez zenez txapelketarik antolatu, Zaldibar Arku Taldeko durangarrak irabazi ditu lehiatu diren azken aldi biak.

Errekorrak puntuazioan

Urtebetean ez du nahi adina entrenatu ahal izan, baina hala ere ez du zehaztasunik galdu, txapelketako distantzia denetan errekor berriak ezarri dituelako puntuazioan. 60 eta 30 metroko distantzian bereak ziren aurreko errekorrak —2019an jarritakoak— eta 12 eta 11 puntutan hobetu ditu, hurrenez hurren. 50 metroko distantzian Maria Teresa Sanchez donostiarrak 2019tik zuen errekorra 34 puntutan hobetu du; azkenik, beste hainbeste egin du Koro Barea donostiarrak 2015etik 40 metrotan zuen errekorrarekin: 44 puntutan ondu du.

Sasoiari eusten dio

2019a gogoratzeko moduko urtea izan zuen: Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazi zituen eta baita Espainiako txapelketa ere beteranoen mailan. Hurrengo hitzordu garrantzitsua uztailean izango du, maila absolutuko Euskadiko txapelketan. 

Lida Cañete erdian atzoko podiumean; ezkerrean, Maria Teresa Sanchez bigarren sailkatua eta eskuman Nieves Palacios hirugarren sailkatua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!