Lidia Cañete durangarra beteranoen Espainiako txapeldun geratu da arku-tiroan

Joseba Derteano 2019ko eka. 10a, 13:13
Lidia Cañete Madrilgo podiumean.

Arku kurbatuarekin lehiatu du Madrilen.

Euskadiko beteranoen txapelketa bereganatu eta astebetera Espainiakoa irabazi du Lidia Cañete durangarrak. Euskadiko selekzioarekin aritu da. Kontuan hartzekoa izan da, oro har, euskaldunen lana. Izan ere, Maria Teresa Sanchez bigarren sailkatu da eta Idoia Gutierrez bosgarren.

Parte-hartzaileek lau distantziatan jaurti dituzte geziak: 30, 40, 50 eta 60 metrotan. Zapatuan 50 eta 60 metrokoetan aritu ziren. Cañete onena izan zen distantziarik luzeenean, baina 50 metrokoan Sanchezen atzetik geratu zen. Lider amaitu zuen eguna, Sanchez baino 8 puntu gehiagorekin, baina ez zen gustura geratu egindako lanarekin. Hurrengo goizean, Euskadiko selekzioko hautatzaile izandako Alberto Portelaren aholkuek lagunduta, lasaiago eta zentratuago aritu zen, eta 30 eta 40 metroko puntuaziorik onenak lortu zituen. Ondorioz, Espainiako txapeldun geratu zen beteranoetan eta arku kurbatu modalitatean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!