Ordurako, Nerea Alza erizain laguntzaile iurretarra COVID-19aren aurkako lehenengo lerro horietako batean zebilen lanean. Otsailean lan kontratua sinatu zuen Galdakaoko ospitalean, gripearen aurkako kanpainarako. Baina, gero, Galdakaoko ospitaleko solairu bat koronabirus kasuetarako egokitu zuten, eta profesional talde bat horren kudeaketara bideratu. Azken urte osoa han eman du lanean Nerea Alzak. Bertan egon da ospitaleak eta ZIUak gainezka egin duten garaietan, eta baita olatuak etorri direnean ere. "Nekatuta" dagoela azpimarratu badu ere, baikortasunetik ikusi gura du izurriaren bilakaera. "Orain, behintzat, badakigu zelan lan egin. Segurtasun neurriek asko zailtzen dute hartu-emana pazienteekin, baina, hurbiltasuna adierazi guran, nire izena idatzi izan dut aurreko mantalean, adibidez", azaldu du Alzak. Urte osoa darama COVID unitatean lanean.
Aran Agirre erizain zornotzarrak gogoan ditu orain urtebeteko une horiek. Bera ere Galdakaoko ospitaleko langilea da; osasun zentroko jarduna kolapsatu zenean, ZIUra lekualdatu zuten. "Shock bat izan zen. Ingresatuta zeuden denak intubatuta zeuden, buelta emanda", adierazi du Agirrek. Azken hileetan, ZIUan jarraitu du lanean. Koronabirusak ospitaleko jardunean duen eragina azpimarratu gura izan du, batez ere intzidentzia tasa altuak dauden sasoietan. "Gatxa da. Ingresoak luzatu egiten dira denboran, eta berriak datozenean antzerako egoeran datoz. Dominoaren modukoa da; pieza bat jausiz gero, besteak atzetik doaz. Hiru alta eman, eta goiz horretan bertan beste hiru ingreso dituzu, eta berdintsua da egoera", azaldu du. Aurrera ez egitearen sentsazioa areagotzen du horrek, bere esanetan.
Birusa ezagutzen joan ahala, lan egiteko baldintza eta protokoloak aldatu egin direla onartu dute langileek. "Lehenengo olatuan, kaosa nagusitu zen. Orain, ostera, ezagutzen dugu COVIDa, gehiago behintzat bai, eta horrek asko errazten du jarduna. Badakigu sukarrak eta oxigeno mailak oszilazioak edukiko dituztela, eta adi egon behar dugula", gaineratu du Alzak.
Arrasto psikologikoa
Urtebete pasatu eta gero, ospitaleetan ez ezik, COVID-19aren eragina nabaria izaten ari da gainerako osasun langileen jardunean ere. Beldurra aipatu dute askok, ezjakintasunak sortu dezakeen antsietatea beste batzuek; ardura, egonezina... Izurritea "zama" lez dute psikologikoki. "Beldurra sumatu dut lankideengan, baita neure buruarengan ere. Lankideen artean kidetza albo batera utzi dela esango nuke. Gizartean egon den moduan, osasun arloko profesionalen artean ere gertatu da, horretaz berbarik egin ez den arren. Beldurraz gainera, ziurgabetasuna nabarmenduko nuke. Azken finean, inork ulertzen ez duen gaixotasun bat da, ezagutza ezak beldurra eragiten du, eta ziurgabetasun horrek antsietatea. Eta kontu bi horiek eragina dute osasun arretan", azaldu du Mikel Gandarias mediku durangarrak. Gandarias Elgoibarko (Gipuzkoa) anbulatorioan dabil lanean azken hileetan.
Txertoa itxaropen
Osasungintza profesionalera ailegatzeko pausoa ematen dabiltzanei ere eragin die izurriak. Azken urteko praktikaldiak eta gradu amaierako lanak goitik behera baldintzatu zuten Jone Izagirre erizain elorriarra. Udatik hona, Matienako anbulatorioan dabil lanean, PCR probak egiten. Orain, txertaketa kanpainan murgilduta dago Izagirre.