Osasun langileak

“Lehendik ere nahikoa justu genbiltzan, baina orain oso gutxigaz saturatzen dira kontsultak”

Anboto 2021ko mar. 18a, 09:30

Mikel Gandarias medikuak (Durango, 1991) Elgoibarko (Gipuzkoa) anbulatorioan lanean eman ditu azken hileak. Egoerara ohitzera heldu daitekeela esan arren, koronabirusak eragindako "presio konstantea" hor dagoela azaldu du.

Zelan eragiten du koronabirusak eguneroko jardunean?
Momentu honetan, hirugarren olatu deitzen dutena egonkortu egin dela dirudi eta lasaiago gaudela esango nuke. Otsailean lanez lepo egoten gara gripea dela-eta; aurten ia ez da griperik egon, eta alde horretatik lasaiago egon gara. Hala ere, koronabirus kasuak igotzen direnean, lan kargak gora egiten du nabarmen, eta horrek presioa areagotzea dakar. COVIDak presio hori konstantea izatea ekarri du: jendea ezin da elkartu itxarongelan, zu ere zain zaude positiboa izan daitekeen kasu bat noiz artatuko... Hau dena hasi zenetik, etenik bako tentsio bat dago anbulatorioetan.

Elgoibarrek intzidentzia tasa handia izan du.
Kutsatzeek gora egiten duten neurrian, lan karga igo egiten da. Paziente bat sintomekin hasten denean, prozesu bat abiatzen da; olatuak aurrera egin ahala, koadro konplikatuagoa duten pazienteak pilatu egin daitezke, eta horrek dakar, eguneroko kontsultez gainera, horrelako 4-5 paziente artatu behar izatea. Lehendik ere nahikoa justu genbiltzan, baina orain oso gutxigaz kontsulta saturatu egiten da. Eta horretara ere ohitu gara.

Pertsonalki ere igarriko zenuen.
Iazko martxotik lanpostu desberdinetan egon naiz, eta, beharbada, ez dut urte osoa jardun berean daraman jendeak igarri dezakeen neke hori sentitzen. Denborak lagundu egin du protokolo eta ohiturak sortzen, eta horrek ere laguntzen du gauzak hobeto eramaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!