Osasun langileak

“Egon dira egunak ehun proba baino gehiago egin ditugunak; beste egun batzuk lasaiagoak dira”

Anboto 2021ko mar. 18a, 09:30

Jone Izagirrek (Elorrio, 1998) iazko ekainean amaitu zuen erizaintza gradua. Ordutik, Matienako anbulatorioan dabil lanean, PCR probak egiten batez ere. Izagirrek dio lan karga oso baliagarria zaiola Durangaldean izurriaren joerari jarraitzeko.

Zein da zure lana?
Ekainean amaitu nuen karrera, eta ordutik Matienako anbulatorioan nabil PCR probak egiten. Sintomak dituzten pertsonekin edo kasu positiboren bategaz hartu-emana eduki duen jendeagaz lan egiten dugu . Medikuarenera datozenak ere artatzen ditugu.

Olatuen joan-etorria igartzen duzue?
Bai, gorabeherak handiak dira. Matienako anbulatorioan Abadiñoko, Berrizko, Elorrioko eta Zaldibarko pazienteak artatzen ditugu. Herri horietariko bat eremu gorrian sartzen denean igoera bat igartzen dugu, eta alderantziz ere bai; jaitsiera badago, lasaiago ibilitzen gara. Durangoko egoerari ere arreta handia ipintzen diogu. Igoz gero, badakigu guk ere mugimendu gehiago edukiko duguna. Guk, egin dugun gehiena, egun bakarrean 140 proba inguru dira. Egon dira egunak ehun proba baino gehiago egin ditugunak, eta beste batzuk lasaiagoak. Horiek egoeraren adierazleak dira guretzat. Proba asko egiten ditugu, baina lanean giro ona daukagu eta horrek lanari beste gogo bategaz heltzeko laguntzen du.

Aurrera begira, zer sentsazio duzu?
PCR probak egiteaz gainera, orain txertaketa kanpaina betean nabil lanean. Beharraren araberakoak dira gure kontratuak, eta egoera oso aldakorra denez, ez dakigu ezer seguru. Egia esateko, egoera den modukoa den arren, pozik nago taldean dugun giroagaitik, eta orain egoera hobera doala dirudi. Bakunazioa ere hasi da, eta argi apur bat ikusten hasi dela esango nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!