Urtebete pasatu eta gero, hobera egin dugu?
Hainbat faktore kontuan hartu behar da, baina baietz esango nuke. Orain instrumental gehiago dugu, bentiladore gehiago, eta badakigu zelan lan egin. Ezagutza maila askoz ere handiagoa da orain. Baina jendearen umorean eragina duela esango nuke. Tolerantzia maila jaitsi egin delakoan nago. Ni, adibidez, erizain laguntzailea izateaz gainera, erizaintza ikasketak egiten nabil. Lanagaz, ikasketekin... igartzen da psikologikoki nekatuta gaudela, eta, tolerantzia maila, orokorrean, jaitsi egin da. Langile guztiak horrela gaudela esango nuke. Egoera bera, gurasoak ikusteko zailtasunak... Nekatuta egoteko arrazoiak ditugula uste dut.
Lanean, behintzat, sekulako taldea osatu dugu, familia baten modukoa. Zure esperientziak eurekin partekatu ditzakezu, antzerakoak direlako, azken finean, eta horrek asko estutzen du hartu-emana. Niretzat beste familia bat edukitzearen modukoa izan da hau, azken hileetan batez ere.
Aurrera begira, argia ikusten duzu?
Nik uste dut kontu hau laster amaituko dela; bakunagaz, gainera, geroago eta hobeto joango garela uste dut. Aste Santuan gertatu daitekeenagaz beldur apur bat dut. Mundu guztiak gura du normalitate bat, baina arduragaz jokatu behar dugu, aurrean duguna ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula.