Osasun langileak

“Soka tenkatu eta tenkatu gabiltza eta gehiago ezin denean dena ixten da; gero, berriro hasi beharra; horrek ez dio inori mesede egiten”

Anboto 2021ko mar. 18a, 09:30

Aran Agirre (Zornotza, 1991) erizain zornotzarra Galdakaoko ospitaleko ZIU unitatean egon zen izurriaren hainbat momentutan. Hango egoera gogorra izan arren, beste solairu batzuetako egoera ere larria dela azpimarratu du. Oraindino ere ohitura edo jardun batzuk aldatu beharrekoak direla uste du.

Hobera egin dugu urtebete pasatu eta gero?
Iazko martxoan, ezjakintasunetik laguntzeko gogoz eta indartsu geunden gutariko asko. Urtebete geroago, antzerako egoeran jarraitzen dugula ikusita, nahikoa frustragarria da. Paziente zein langileek, urtebete daramate hor; fisikoki eta mentalki gogorra da hori.

Egoera honegaz bizitzera ohitu garela esango zenuke?
Enpatia falta izugarria dagoela esango nuke. Izugarriak diren zenbaki batzuetara ohitu gara, baita semaforoen sistemara ere. Munduko beste toki batzuetako tragedietako irudiak ikusten ditugunean lez gertatzen zaigu, ohitu egin gara. ZIUetako egoera erakusten da, eta azpimarratzen da, baina, nire ustez, egoera tristeagoa da beste solairu batzuetan. Horietan ere larria da, baina hori ez da hainbeste azaleratzen.

Zein etorkizun ikusten diozu honi?
Nahikoa ezkorra naiz. Aste Santuaren ondoren egoerak berriro okerrera egingo duela esango nuke. Bakuna egoteak lagunduko du, baina bakoitzak bere ardura hartu behar duela uste dut. Gauzak gradualki egin beharko lirateke, kolpean egin beharrean. Horrela, osasun sistema kolapsatzea ekidingo genuke. Soka tenkatu eta tenkatu ibiltzen gara, eta gehiago ezin denean guztia ixten da. Eta gero, berriro hasi behar. Eta horrek ez dio inori mesede egiten. Jendartean ere eragiten du, jendearen aldartean. Kolektiboki pentsatu beharko genuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!