Lehendakaria buru dela aitortza instituzionala egin diete frankismoaren biktimei Donostian

Anboto 2016ko mai. 14a, 21:18

Pedro Uriguenen senitartekoak Iñigo Urkullu lehendakariarekin

Frankismoaren biktimei erakundeen errekonozimendua eskaintzeko ekitaldia egin dute gaur goizean Donostian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. Besteak beste, Pedro Uriguen gudari zornotzarraren senideek ere parte dute bertan. Ekitaldian memoria historikoaren arloko elkarteak eta EAEko erakundeen ordezkariak izan dira, eta, kaltea jasan ondoren, biktimek indarberritu eta aurrera egiteko duten gaitasunaz gogoeta egin dute. 

Ekitaldiak frankismoaren biktima guztiak aintzat hartzea izan du helburuetako bat. Lehendakariak bere egin du helburu hori eta elkartasuna adierazi die bidegabe sufritu zutelako. Gainera, belaunaldi horien ahalegina nabarmendu du "zutitu eta aurrera begiratzeko" gai izan zirelako. 

Biktimek frankismoan zehar printzipio demokratikoei eusteko egindako ekarpena ere nabarmendu du Urkulluk, baita "debeku guztien gainetik" euskara eta euskal kultura babesten egindakoa ere. Era berean, eskubide sozialen transmisioan utzitako ondarea eta "justizia sozialaren garra" piztuta iraunarazi izana azpimarratu ditu. 

Gerra Zibileko eta diktadurako bizi-baldintzei aurre egin zieten emakumeei ere errekonozimendua eskaini die lehendakariak, familia aurrera ateratzeko egin zuten borroka gogoan hartuta. Bere iritziz, "bizitzaren aldeko borrokaren" adibidea dira. "Erantzun eraikitzailea eman zuten, eta orain garena, neurri handi batean, haiei zor diegu; gure amek eta amonek haize kontra egindako lanari", esan du.

Jardunaldien bigarren helburu nagusia biktimen eta gizartearen arteko elkargune bat sustatzea izan da. Horretarako, ekitaldi instituzionala hasi aurretik, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek hasiera eman dio parte-hartzearen atalari. Mahai-inguruak antolatu dira, parte-hartzaileek gai horiei buruzko iritzia emateko. Jasotako ekarpenekin, dokumentu bat prestatu eta Eusko Jaurlaritzaren Irekia.euskadi.eus webgunean argitaratuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!