Uriguen zornotzarrarenak izan daitezkeen hezurrak lurpetik atera dituzte

Anboto 2015ko abu. 27a, 14:48

iturria: Eusko Jaurlaritza

Atzo Gerra Zibilean hildako hezur batzuk aurkitu zituzten Mendatan —Marmiz auzoan— egiten ari diren indusketa eta prospekzioetan. Pedro Uriguen zornotzarrarenak izan daitezkeela uste dute. Gaur eguerdian, hezurrak lurpetik atera dituzte Uriguenen familia bertan zela.

Larrabetzuko Udala eta Karredaran taldea inguru hartako memoria historikoa berreskuratzeko egitasmo bat garatzen ari dira; Gerra Zibileko ehorzgune bi aurkitu dituzte eta han lurperatuta egon daitezkeen gudarien hezurrak berreskuratu, identifikatu eta euren senitartekoei helaraztea da helburuetako bat. Lan horretan, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza dute. Atzo, Gerra Zibilaren sasoian Mendatan hil eta ehortzi zuten gudari baten hezurrak aurkitu zituzten eta Pedro Uriguen zornotzarrenak —Otxandioko batailoian ibili zen— izan daitezkeela uste dute. Gaur eguerdian hezurrak lurpetik atera dituzte, Uriguenen senitartekoak bertan zirela.

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen esanetan momentuz ezin daiteke segurtatu hezurrak Pedro Uriguenenak direnik. Euskal Herriko Unibertsitatean hezurren ADNa aztertu eta orduan segurtatu ahalko da ehuneko ehunean. Baina uste hori indartzen duten ahozko testigantza asko daude, bai senitartekoenak eta bai inguruko auzokideenak. Azkenean hezurrak Uriguenenak direla baieztatzen bada senitartekoei emango dizkiete, haiek nahi moduan ehortzi ditzaten: "Azken batean hori da helburu nagusia”, diote Aranzadi elkartetik: “Hezurrak batu, identifikatu eta senitartekoei helaraztea, hezurrak eurek nahi moduan ehortzi eta ate bat izteko moduan izan dezaten”. Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendariak ere "familiei indarrez kendutako eskubideetatik apur bat" bueltatzearen garrantzia azpimarratu zuen atzo, prospekziora egindako bisitan.

Datozen asteetan aurkitutako ehorzgune bi horiek ikertzen jarraituko dute eta litekeena da hezur gehiago aurkitzea.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!