Ugartetxea, 'Abarkas' eta Sarriugarte txapelketako finalaurrekoetan izango dira, Amurizagaz

Anboto 2014ko aza. 10a, 09:39

Bizkaiko bertsolari txapelketako kanporaketak amaituta, finalaurrekoetan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda finkatu da. Beñat Ugartetxeak eta Eneko Abasolo 'Abarkas'-ek kanporaketak irabazita lortu dute hurrengo faserako txartela. Garikoitz Sarriugartek, puntuazioz; bera izan da azken sailkatua. Miren Amuriza ere hasiko da parte hartzen fase honetan, azken txapelketan finalista izan zelako.

Atzo Zeanurin jokatu zuten #Josi bertsolari txapelketako azken kanporaketa. Imanol Uria algortarrak irabazi zuen saioa. Kanporaketa guztiak amaituta, sailkatuen zerrenda osatuta dago eta kanporaketetarako seikoteak ere, erabakita. Durangaldeari dagokionez, zuzenean sailkatu ziren Eneko Abasolo eta Beñat Ugartetxeaz gainera, Garikoitz Sarriugartek ere lortu du kanporaketetarako txartela, bera baita puntuazioagatik sailkatu den azken bertsolaria, 354 puntugaz.

Hiru finalaurreko gelditzen dira finalaren aurretik, eta hiru bertsolariek finalaurreko banatan kantatuko dute. Eurekin izango dira orain arte txapelketan sailkatutako bertsolariak eta azken txapelketako finalera sailkatu zirenak, tartean Miren Amuriza.

Lehenengo finalaurrekoa Lea-Artibaiko Etxebarrian izango da, azaroaren 22an, eta 'Abarkas'-ek kantatuko du bertan, Miren Amuriza, Ander Elortegi, Iratxe Ibarra, Fredi Paia eta Joseba Artzagaz.

Bigarren finalaurrekoa Urdulizen jokatuko dute, azaroaren 30ean, eta bertsolariak, honakoak: Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Gorka Ostolaza 'Potxis', Julen Erezuma eta Xabat Galletebeitia

Hirugarren finalaurrekoa Zornotzan izango da, abenduaren 7an, eta Garikoitz Sarriugartek kantatu du bertan, Arkaitz Estiballes, Jone Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa, Imanol Uria eta Oihana Bartragaz.

Hemen dituzue kanporaketetako puntuazio guztiak

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!