Bertsoa komunikazioa da azken batean, eta publikoak ere komunikatu egiten die bertsolariei. Mallabin nahiko argi ikusi zen hartueman hori.
Bertsolariei animoak emateko pankarten atzean zeuden, besteak beste, Markina-Xemein eta Getxoko bertsozaleak. Bi herrion inguruan nahiko indartsu dago bertsozaletasuna gaur egun, eta hori igarri egin zen atzo Mallabian. Izan ere, puzzle edo patchword berezia zegoen oholtzan. Hiru markina-xemeindar, batetik; Gorka Ostolaza Potxis, saioaren irabazlea, eta Nerea Ibarzabal eta Eneko Arrate. Eurekin, ALBE Algortako bertso eskolako bi bertsolari: Peru Vidal eta Arrate Illaro. Seigarren bertsolaria, herrikide barik, baina publikoaren berotasuna lagun, Malen Amenabar larrabetzuarra izan zen.
Bertsolari gaztez osotutako seikotea fresko ikusten zen publikotik. Gero kontatu zuten kantatzera irten aurretik borobilean ipinita ariketa batzuk eta guzti egin zituztela, Eneko Arratek antzerki munduan ikasitakoak. Konplizitatea, beraz, hasieratik. Eta publikoan, konplizitate horretaz gozatzeko gogoa ere, hasieratik. Arratek berak familiako kideak kamiseta berde bategaz izan zituen publikoan, lehen mailako fan.
Berotasun kontuak dira horiek. Beste kontu batzuk, hotzagoak, dira puntuazioak, josteko era modu teknikoan aztertzen dakitenen iritziak eta txapelketako sailkatuen zerrenda. Hori ere hor dago, jakina: Kanporaketa bat falta da finalaurrekoetan ze bertsolarik kantatuko duen jakiteko. Datorren domekan Zeanurik kantatuko dute azken sei bertsolariek. Hortxe, bada, publikoarentzat, bertsoen jostunekin gozatzen jarraitzeko aukera.