Beñat Ugartetxeak lortu du finalaurrekoetarako lehen txartela

Anboto 2014ko urr. 14a, 10:55

Bizkaiko bertsolari txapelketako lehenengo kanporaketan mallabiarrak lortu ditu puntu gehien: 372,5. Bigarren Ibon Ajuriagojeaskoa izan da 366,5 puntugaz. Domekan bere estilo umoretsuan jardun zuen Ugartetxeak, orokorrean distira larregi izan ez zuen saioan. Galdakaoko Torrezabal aretoan 250 bat lagun batu ziren entzutera.

Ehiza denbora hasi dela eta taula alboan zituen "bost txoriak ehizatzera" zetorrela esanez hasi zuen Beñat Ugartetxeak saioa: "Kartutxo bakarrarekin bota behar ditut behera". Eta amaieran, kartutxoak ia kale egin ziola, "baina hurrengo ehiza egunera / noa txakur eta guzti / pajarok prestatzen hasi". Azaroaren amaieran Urdulizen jokatuko den finalaurrekoan izango du horretarako aukera bertsolari mallabiarrak.

Ale solteren bat edo beste bai, utzi zuten bertsolariek, baina orokorrean ez zen saio borobila izan Galdakaokoa. 'Josi' da txapelketa honetako leloa, eta jostun lanetan Ugartetxeagaz batera Ibon Aguriagojeaskoa, Julen Erezuma, Garikoitz Sarriugarte, iñaki Iturriotz eta Aitor Bizkarra izan ziren. Maite Berriozabalek emandako gaiaren arabera ibili ziren, puntada eta korapilo.

Hauek dira amaierako puntuazioak:

- Beñat Ugartetxea: 372,5

- Ibon Ajuriagojeaskoa: 366,5

- Julen Erezuma: 356

- Garikoitz Sarriugarte: 354

- Iñaki Iturriotz: 337,5

- Aitor Bizkarra: 316,5

Durangaldeko bertsolarien jardunean arreta ipinita, Garikoitz Sarriugartek eta Aitor Bizkarrak aita-semeen paperean kantatutako ofizioa aipatu behar. Sarriugarte aita, sukaldari iaioa, semeari errezetak erakusteko prest, amantal bigaz agertu zitzaion. Bizkarrak baina ez zeukan ikasteko asmo handirik: "orain zatoz nigana/kariñoan eske/ baina ilusiñorik/ ez daukot hainbeste". Sarriugartek aitaren papeletik ondo erantzun  zion: "bakarrik bizitzea/tokau leike hamen/ amantal bigaz nator/ zugana nabarmen/ arraultza bi prijitzeko/ kapaz ete zaren". Ez zuen baina Bizkarra semea konbentzitu.

Aitor Bizkarrak ideia on batzuk bota zituen arren, urduritasunagatik edo, ez zuen Durangaldeko txapelketan erakutsitako maila lortu.

Beñat Ugartetxeak zortziko txikian ere ale politak bota zituen, Erezuma pisukideagaz. Balkoian ortutxo bat ipintzea otu zitzaion Ugartetxeari, eta hantxe landatu zituen porruak eta tomate cherryak. Pisukideari gustatu ez, "metro erdi karratuan" ipini zituela-eta. Mallabiarrak ondo defendatu zuen bere postura "guk gehiago dendatan/ez dogu erosiko" eta "bertso saioetara alde egiten badut/ iluntzeetan ura egin iezu zuk" lako ideiekin.

Puntu-erantzunetan Sarriugartek jaso zituen txalo gehien, lehen puntuari erantzunda: Kirola egin eta / izerdi patsetan / Holan ibiltzen na ni / neska, bizikletan / beste batzutan barriz / pelotan olgetan/ eta antzera xamar / bertso txapelketan

 

Kartzelan, pankartaren atzean

"Gaur ere pankartaren atzean elkartu zarete". Gai horri erantzun behar izan zioten bertsolariek kartzelan. Sarriugartek indarkeria sexista kasu bat aukeratu zuen, Iñaki Iturriotzek eta Ibon Ajuriagojeaskoak ebolaren auzia hartu zuten gai, eta Madrileko osasun-langileen paperetik kantatu zuten. Julen Erezumak eta Beñat Ugartetxeak lan-gatazkak izan zituzten kantagai; Ugartetxea Edesa aurrera joana zen pankarta atzera. Bizkarrak egoera politikoari buruz berba egin zuen, "nire iraultza egingo dut zuen borrokaren izenean" kantatuz amaituta.

Protestak eta aldarrikapenak ahotan izan eta gero, Ajuriagojeaskoaren azken agurra aipatzekoa da, berau izan zen txalotuena: "aste honetan gure inguruan / baegoazan gai ugari / Urtzi ta Pelle ziega beltzera / doazen bi grebalari / Bateragune Usansolo eta / aurre LOMCE legeari / baina Galdakon min bat badago / mantendu dena aspaldi / besarkada bat eta animo / Hodeiren familiari". Bertso saio orekatua egin zuen bertsolari gernikarrak. Bera eta Ugartetxea ziren faborito.

Galdakaoko saioko une batzuk Bertsoa.com atarian. Hemen Beñat Ugartetxeari egindako elkarrizketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!