Hiru kanporaketa joan dira, eta hirugarrenean ibili dira dotoreen bertsolariak. Epaileek orain arte baino puntu gehiago banatu zituzten zapatuko saioan. Saioaren hasieran Julen Ibarguengoitia gernikarrak kantatu zuen "eta sutura puntuak dira / josiko diren bakarrak". Ez zen horrenbesterako izan, baina saioa bizi joan zen, aurreko biekin konparatuta, bederen.
Durangaldea zorteko dago: Lehen kanporaketan, Beñat Ugartetxea eta hirugarren honetan, Eneko Abasolo 'Abarkas', bi bertsolari sailkatu zaizkigu zuzenean finalaurrekoetara. Besteek puntuazioaren arabera ikusiko dute zer gertatuko den, baina Abarkasek agendan apuntatuta dauka jada: Etxebarrian azaroaren 22an jokatuko du finalaurrekoa, Miren Amuriza, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta oraindik ezagutzen ez ditugun beste bi sailkatugaz batera.
Kanporaketako ale batzuk
Zortziko Nagusian ideia onekin baina poto bategaz hasi zuen saioa Gorka Lazkanok. Agurrean kantatu zuen "ia atzarmarrak zulatu barik / pasetan dogun eguna", ta josten hasi, eta lehen ziztadatxoa hartu zuen atzamarrean berriztarrak. Autoa elkarbanatzeko Jon Rementeriagaz kontaktatu zuen, eta bidean larri zebilen kopiloto: "ez eustan esan / rally gidari zinenik" bota zion. Bigarren bertsoan, mareatuta edo, "be bai" errima birritan kantatu zuen Lazkanok. Hurrengoan kotxea berak eroango zuela, eta horretan geratu ziren amaieran.
Zortziko Txikian puntu gehien Lazkanok jaso zituen. Parrandan Peio Ormazabalekin zebilela bateri gutxi zeukan mugikorrean, eta begira eta begira zebilen. Juerga goizera arte luzatzea proposatu zion Ormazabalek, baina honek beti berdina zioela erantzun; "baina bostetatik gora/eztozu aguantatzen". Neska batzugaz ligatzeko asmotan amaitu zuten bertsoaldia, ea besteren baten etxean lo egitea lortzen zuten edo.
Abarkasek Zortziko Nagusian ale politak utzi zituen, umea egokitzapenera eroan eta handik negarrez irteten zuen gurasoaren paperetik. Julen Ibarguengoitiak erasoan ekin zion, umea baino umeago ez izateko esanaz. Abarkasek bere posturari eutsi zion, "beraientzako ez da izango / beste ume txiki bat baino" eta "orduaren zain geratuko naiz / erlojuari begira" lako ideiak botata.
Zortziko txikiko alerik politenak Jon Rementeria eta Julen Ibarguengoitia gernikarrek utzi zituzten. Aita-semeak ziren. Julen aitak Jon semeari beti osasuntsu jateko esaten zion, baina halako baten aitaren etxera joanda, semeak janari prekozinatuz beteta ikusi zuen izozkailua. Aitak erantzun politak izan zituen. Bertsoeskolan eta saltsa ikastarotan zebilela eta "denporarik ez daukot / jubliaziñotik" esan eta gero, barazkiak jaten jarraitzeko gomendatu zion, "holako mitxelinik / ez badozu gura".
Kartzelan, herentzia kontuak
Kartzelako gaia, honakoa izan zen: "Ondo pentsatu eta gero, herentzia egitea pentsatu dozu". Bertsolari gehienek laster hilko zirela eta testamentua egitea pentsatu zutela kantatu zuten. Bi lan aukeratzekotan, Abarkasena eta Joseba Artzarena izan daitezke aipagarrienak. Abarkasek ez zeukan laster hilko zela pentsatzeko arrazoirik baina testamentua egitea erabaki zuen "seme-alabak ez daitezen haserraetu". Artzak, bere aldetik, osasun egoera makala oso ondo deskribatu zuen esanaz astean hiru aldiz joaten zela anbulatoriora, mosketatuta zeukala doktora, eta badaezpada bazihoala Galdakaora. Gauzak lotuta isteko egingo zuen testamentua, eta Galdakaon garrantzia kenduko baliote Sanjuanetan erreko luke herentzia.