Talde lanagaz lortutako maillota bakarrean defendatuko du gaur Pooleyk

Anboto 2012ko eka. 9a, 13:47

Atzoko etapa ikusgarria gertatu zen. Pooleyren sasoia eta taldeko lan eraginkorra izan ziren gakoak. Gaur 13 kilometroko erlojupekoa lehiatuko dira Urduñan.

Atzoko etapa ikusgarria gertatu zen. Pooleyren sasoia eta taldeko lan eraginkorra izan ziren gakoak. Gaur 13 kilometroko erlojupekoan lehiatuko dira Urduñan.

 

Emakumeen Bira hasi baino egun bi lehenago Durango-Durango Emakumeen Saria klasikoa irabazi izana ez zela kasualitatea izan erakutsi zuen atzo Emma Pooley britainiarrak. Indar erakustaldia egin, maillot horia jantzi eta aurkari zuzenei aldetxoa atera zien; inondik inora ere ez alde erabakiorra, baina bai Arndth, Van Vleuten eta enparauek Pooley aurkari zuzen legez kontsideratzeko adinakoa.


Lekeition hasi eta amaitu zen etapan, Judith Arndt eta Claudia Hauslerren Greenendge taldea etapa hausten ahalegindu zen hasieratik. Lehenengo Linda Villumsen aurrera bidali zuten eta ondoren 13 txirrindulariko ihesaldian hiru taldekide sartu zituzten. Baina Pooley eta AA Drink taldea ere ez zeuden lo eta hauek ere hiru ordezkari batu zituzten ihesaldira. Minutu eta erdiko aldera heldu ziren, baina apurka tropelak irentsi zituen.

 

AA Drink taldeak ez zegoen etsitzeko prest. Lekoitz mendateari begira, taldekide bat pelotoiaren aurretik nahi zuten. Horregatik, ihesaldi berri bat sortzen ari zenean AA Drink taldeko Lizzie Armitstead bizi ibili zen eta beste bost txirrindularigaz aurrera jotzea lortu zuen. Abantaila politagaz ekin zieten Lekoitzeko lehenengo maldei.


Bitartean Pooleyk atzean erasoa jo eta bakarrik alde egin zuen. Ihes eginda zihoazenak harrapatu zituen eta jaitsieran Armitstead taldekideak lan itzela egin zion. Azken kilometroak bakarrik egin zituen Pooleyk eta helmugan 20 segundoko aldea atera zien Van Vleuten, Arndt eta Hauslerren taldeari. Bizkaia-Durango taldeko Anna Sanchiz 11. sailkatu zen. Euskaldun onenari dagokion maillot zuria Lointek taldeko Eneritz Iturriagak jantzi zuen.


Gaur erlojupekoa


Gaur, 16:00etan, Urduñan hasi eta amaitu den 13 kilometroko erlojupekoari aurre egingo diote txirrindulariek. Atzo talde lanagaz lortutako garaipena, bakarrean defendatzea egokituko zaio Pooleyri. Jardunaldia 18:30 inguruan amaitzea aurrikusten da.

 

Lehenengo etapako kronika

Etapengaineko  informazioa

 

 ATZOKO ETAPAKO SAILKAPENA

 

1-  POOLEY, Emma DRI---------------------------------  2.35.31 |
2-  V. VLEUTEN, Annemiek STA ----------------------  20 segundora
3-  WORRACK, Trixi SLU-------------------------------   20
4-  JOHANSSON, Emma HPU-------------------------  20
5-  AMIALIUSIK, Alena BPK----------------------------- 20
6-  HAUSLER, Claudia GEW---------------------------- 20
7-  BRAND, Lucinda DRI--------------------------------- 20
8-  AMITSTEAD, Lizzie DRI----------------------------- 20
9-  ARNDT, Judith GEW---------------------------------- 20
10-  LAWS, Sharon DRI---------------------------------- 20

 

 

SAILKAPEN NAGUSIA

 

1- POOLEY, Emma DRI----------------------------------  5.05.27
2- V. VLEUTEN, Annemiek STA------------------------- 8 segundora
3- WORRACK, Trixi SLU---------------------------------- 8
4- AMIALIUSIK, Alena BPK------------------------------- 8
5- JOHANSSON, Emma HPU---------------------------- 8
6- SANCHIS, Anna BPD----------------------------------- 8
7- ARNDT, Judith GEW ----------------------------------- 8
8- HAUSLER, Claudia GEW------------------------------ 8
9- LAWS, Sharon DRI-------------------------------------- 8
10- BRAND, Lucinda DRI--------------------------------- 8

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!