Emakumeen Biraren 25. aldia aurkeztu dute. Ekainaren 7tik 10era lehiatuko da. UCIko sailkapeneko lehenengo hamarretatik bakarra faltako da: Marianne Vos iazko irabazlea, eroriko batean klabikula apurtu duelako.
25. urteurrenean, Emakumeen Bira antolatu izana da nobedade nagusia. Gerrikoa estutu behar izan dute, babesleak gutxitu zaizkielako. Aurreko urteetako aurkezpen ekitaldian Iurretako udalbatzarreko aulki gehienak betetzen ziren. Aurten hainbat aulki hutsik ageri ziren: “Horregatik, eskertu egin gura diegu gurekin jarraitu duten babesle eta udaletxeei”, adierazi du Agus Ruiz Birako antolatzaileak.
Nabarmendu dutenez krisiak ez dio Biraren mailari eragingo. Urtero legez munduko txirrindulari onenak lehiatuko dira elastiko horiaren bila. UCIko sailkapeneko aurreneko hamarretatik Marianne Vos herbeheretarra izango da hutsune bakarra, joan zen asteburuko lasterketa batean klabikula apurtu zuelako: “Onena faltako da. Alde batetik pena da, baina bestetik, lasterketa orekatuagoa izatea eragingo du”. Faboritoen artean Judith Arndt, Emma Johansson eta Nicole Cooke bereiztu daitezke beste batzuen artean. Lointek taldeagaz Eneritz Iturriaga abadiñarrak lehiatuko du. Taldeei dagokionez, Bizkaia-Durango izango da Durangaldeko ordezkaria.
Iazkoa baino leunagoa
Ekainaren 7tik 10era jokatuko den Emakumeen Bira lau etapek osatuko dute. Egutegi estuak eraginda aurtengo aldia iazkoa baino “leunagoa” dela onartu du Ruizek: “Ekainaren amaieran Giroa hasiko da eta uztaileko Joko Olinpikoak ere laster datoz. Hori guztia kontuan hartu dugu ibilbidea osatzerakoan”.
Aurten etapa bi Durangaldean amaituko dira: Abadiñoko Traña-Matiena auzoan lehenengo etapa eta Iurretan azkenengoa.
Gainera, aurtengo aldiak normalean baino etapa bat gutxiago izango du. Larunbateko jardunaldia sektore bik osatzen zuten normalean. Aurten goizeko erlojupekoa mantendu eta arratsaldeko lasterketa kendu dute: “Txirrindulariengatik eta taldeengatik hartu dugu erabaki hori. Bizikleta moldatu beharra, bazkaldu eta segituan lehiatu beharra… hainbat eragozpen zituen sektore biko jardunaldiak eta erlojupekoagaz bakarrik dena erosoagoa izango delakoan gaude”.
ETAPAK
LEHENENGO ETAPA
Noiz: Ekainak 7 (osteguna)
Non: Iurreta-Abadiño (Traña-Matiena)
Kilometroak: 97,1
Orografia: Laua. Mendate bat: Astoreka
Hainbat kilometrotan Durangaldean zehar ibiliko dira (Iurreta, Elorrio, Berriz eta Abadiño). Etapa laua da. 3. mailako Astoreka da mendate bakarra. Seguruenik esprintean erabakiko da irabazlea eta faboritoen artean ez da alderik egongo.
BIGARREN ETAPA
Noiz: Ekainak 8 (ostirala)
Non: Lekeitio-Lekeitio
Kilometroak: 97,8
Orografia: Milloi mendatea birritan igoko dute eta Lekoitz behin.
Ibilbide gogorra da, faborito nagusiak bereiztuko dituena. Seguruenik indartsuenen artean ez du alde definitiborik eragingo, baina bakoitzaren indarrak neurtzeko balioko du. 3. mailako Milloi mendatea birritan igoko dute, bakoitzean alde batetik. 2. mailako Lekoitz erasorako aproposa da, mendate gaina etapa amaieratik 20 kilometrora dagoelako.
HIRUGARREN ETAPA (erlojupekoa)
Noiz: Ekainak 9 (larunbata)
Non: Urduña-Urduña
Kilometroak: 13,4
Orografia: Mendaterik gabe baina gorabeheratsua.
Bira irabazi dutenek lehia bizia izango dute. Hala ere, ez du ematen Bira erabakita geratu daitekeenik.
LAUGARREN ETAPA
Noiz: Ekainak 10 (igandea)
Non: Urduña-Iurreta
Kilometroak: 116
Orografia: Zumeltza eta Urkiola (Otxandioko aldetik) igoko dituzte
Txirrindulariak Otxandio, Mañaria, Izurtza, Durango eta Garaitik igaroko dira Iurretan helmugaratu aurretik. Zumeltzarako igoera ez da aldapatsua, baina bai luzea (11 kilometro). Sarritan gertatzen den moduan, txirrindularien erritmoak markatuko du gogortasuna.
AURREKO ALDIETAKO IRABAZLEAK
2011: Marianne Vos (Herbehereak)
2010: Claudia Hausler (Alemania)
2009: Judith Arndt (Alemania)
2008: Marianne Vos (Herbehereak)
2007: Susanne Ljungskog (Suedia)
2006: Fabiana Luperini (Italia)
2005: Svetlana Boubnenkova (Errusia)
2004: Joane Somarriba (Euskal Herria)
2003: Mirjam Melchers (Herbehereak)
2002: Edita Pucinskaite (Lituania)
2001: Leontien Van Moorsel (Herbehereak)
2000: Joane Somarriba (Euskal Herria)
1999: Hanka Kupfernagel (Alemania)
1998: Hanka Kupfernagel (Alemania)
1997: Hanka Kupfernagel (Alemania)
1996: Dori Ruano (Espainia)
1995: Jeannie Longo (Frantzia)
1994: Alena Barillova (Eslovakia)
1993: Alena Barillova (Eslovakia)
1992: Lenka Ilavska (Eslovakia)
1991: Joane Somarriba (Euskal Herria)
1990: Josune Gorostidi (Euskal Herria)
1989: Maria Mora (Katalunia)
1988: Inma de Carlos (Katalunia)