Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia irabazi zuen Zornotzan. Eneko Abasolok ere baditu aukerak finalean sartzeko.
Zornotzako Zelaieta frontoian 930 lagun batu ziren domeka arratsaldean, bertso-giro epelagaz eguraldi hotzari aurre egin guran. Miren Amuriza berriztarra gailendu zen sei bertsolarien artean, 542 puntu eskuratuz. Ondorioz, BECeko finalean izango da abenduaren 18an.
Gorantzako saioa egin zuen Amurizak. Izan ere 10eko txikian eta bakarka nabarmendu zen bere lana. \'Abarkas\'-egaz kantatu zuen 10ekoan. Gaiak zioenez, aita jubilatua etxetik ateratzeko eskatu zion Miren amak Eneko semeari. \"Egun osoan ez dau jada egiten ezer/ lanpara baten pare geldi-ta oker-oker/ berari be hautsa kendu beharko deutsat laster\" esan zuen Amurizak. Kartzelako lanean honela zioen gaiak: \"Kostata, baina azkenean bera konbentzitzea lortu dozu\". Tratu txarrak jasotzen zuen laguna salaketa jartzeko konbentzitu zuen; entzuleak ere konbentzitu zituen bere lanagaz.
Eneko Abasolo \'Abarkas\'-ek hirugarren amaitu zuen saioa, 515,5 puntugaz. Finalean sartzeko aukera handiak ditu, baina Gernikako azken finalerdian gertatzen denaren zain egon beharko du. Kartzelakoan berea izan zen lan onena; koma egoeran dagoen bere bikotea makinatik deskonektatzeko konbentzitu zuen haren ama. Beragaz batera ospitaleko gela hotz eta gogorrean murgildu ziren Zelaietako 900 bertsozaleak.
\'Abarkas\' laugarren dago puntuazio orokorrean, eta saioetako hiru irabazleez gainera, beste bost bertsolari sailkatuko dira BECeko azken demarako. Beraz, itxaron egin beharko du iurretarrak. Datorren domekan, Gernikan jokatuko da azken finalerdia, eta Beñat Ugartetxea mallabitarra ariko da bertan kantuan.