Finaleko zortzi bertsolariak Durangoko Plateruenean

Anboto 2010ko abe. 13a, 12:52

Durangoko Plaruena kafe antzokiaren oholtzan batu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean jardungo duten zortzi bertsolariak. Abenduaren 18an, Barakaldoko BECen dute bertsolariek finaleko hitzordua, eta euren sentsazio eta helburuez egin dute aurkezpenean berba. Mahaitik azalpenak ematen, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Karmelo Uriarte lehendakariak, eta zapatuan irabazleari txapela jantziko dion Aita Luis Baraizarra ere izan dira Plateruenean.

 

Gernikako azkenengo finalaurrean puntu gehien batuta, zuzenean finalerako txartela lortu zuen, lehenago Miren Amuriza berriztarrak eta Onintza Enbeitak bezalam \'Beñat Ugartetxea mallabiarrak. Hiru bertsolari horiek, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean jarduteko, puntuazioaren arabera sailkatzea lortu duten Eneko Abasolo \'Abarkas\' iurretarra, Etxahun Lekue, Jone Uria, Arkaitz Estiballes eta Peio Ormazabal ere egon dira Platerueneko aurkezpenean.

 

Finalean kantatuko duten bertsolarien "gaztetasuna" azpimarratu dute besteak beste, aurkezpenean bertsolariek; eta saioetan oholtzatik begiratuta, entzule oso gazteak ikusi dituela azpimarratu du Estiballesek. Finaleko bertsolari gazteena izango den Peio Ormazabal arrigorriagarrak bestalde, orainarte urduritasunaren zama handirik ez duela sentitu adierazi du.

 

Bizkaiko Bertsolari finalean kantatuko duten Durangaldeko hiru bertsolariek ere, finalera arteko egunak ahal duten neurrian "lasai eta lagunartean" igarotzen saiatuko direla azpimarratu dute aurkezpenean. Batez ere, zapatuan oholtza gainean egoteko "aukera ahal beste aprobetxatzeko" helburua azpimarratu dute guztiek. Abenduaren 18an, 17:30ean hasita jokatuko duten Bertsolari finalaren BECeko saiorako sarrerak oraindik ere eskuragarri daudela jakinarazi du aurkezpenean bestalde, Karmelo Uriarte bertsozale elkarteko lehendakariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!