Emakume migratzaileen testigantzak

Mundua zeharkatuz bizitza berri bati ekiteko esperantzagaz

Maialen Zuazubiskar 2019ko urt. 25a, 09:02

ARGAZKIA: LEHIOR ELORRIAGA

Etxean bizi zuten biolentzia egoeratik ihes egitea erabaki zuten lau emakume afrikar hauek. Gorabeherez betetako bidaia gogor eta luzearen ostean, bat egin dute Berrizko migratzaileen zentroan. Kazetaria berbarik barik uzterainoko istorio latz bakoitzaren atzean emakume adoretsu bat dago bere testigantza kontatzeko prest. Ondo dakite ez direla egoera hori bizi izan duten emakume bakarrak, ezta azkenak ere. Beraien segurtasuna bermatzeko ANBOTOk ez ditu emakumeen aurpegiak interneten erakutsiko.

Irailaren 18an zabaldu zituen ateak Berrizko migratzaileen zentroak. Beste herrialde batera bidean Euskal Herritik igarotzen diren adin txikikoen kargu dauden emakumeak, bakarrik dauden emakumeak eta gaixorik daudenak hartzeko asmoz zabaldu zuten Olakuetako aterpetxea. Hala ere, beharrizanak horrela eskatuta, azken hilabeteotan Jaurlaritzak eta EDE Taldeak kudeatzen duten zentroa asiloa eskatu duten emakumeen eta gaixoen bizileku bilakatu da. "Neguko denboraldian asko jaisten da Europarako bidean dauden etorkinen kopurua. Orduan, azarotik apirilera bitartean asiloa eskatu duten emakume eta gaixoei zabaldu zaie aterpetxea", adierazi du Gorka Ruiz Berrizko migratzaile zentroko koordinatzaileak. Dagoeneko 59 lagun igaro dira bertatik, eta apiriletik aurrera datu horiek igoera nabarmena izango dutela aurreikusten dute. "Europara bidean hainbat izaten dira Euskal Herritik igarotzen diren etorkinak; beraz, mugimendu handia izango dugula aurreikusten dugu", esan du. Ruizek aitortu duenez, Gurutze Gorriak Berrizko zentrora bideratzen dituen etorkinetako batzuek pare bat egunez indarrak hartu eta bideari ekiten diote berriro. Beste batzuek, berriz, hamabost egunetik gorako egonaldiak egiten dituzte.

Batzuk joan eta beste batzuk etorri. ANBOTOk elkarrizketatu dituen lau emakumeek, esaterako, badakite Berrizko euren egonaldia apirilean amaituko dela, asko jota. Eta badakite, aldi berean, egin duten asilo eskariaren erantzuna jaso arte, CEARek kudeatzen duen zentroren batean lekua izango dutela.

Gaur egun, Berrizko zentroan 20 pertsonarentzat daukate lekua. Emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat logela bana, eta bina logela umeekin dauden familientzat. Zazpi pertsonak egiten dute lan zentroan, herrialde askotako pertsonei laguntzeko eta bizikidetza errazteko asmoz. "Jende oso autonomoa da zentro honetan dagoena. Jatekoa sukaldariek prestatzen duten arren, eurak arduratzen dira gainontzeko zereginak egiteaz", esan du Ruizek. Logelak atondu eta jangela eta arropak garbitu behar izaten dituzte, besteak beste.

Olakueta aterpetxeko etorkinek Mesedeetako mojen laguntza ere izaten dute. Migratzaileei gaztelaniazko eskolak ematea eta alfabetizazioan laguntzea dute helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!