Emakume migratzaileen testigantzak

"Zodiaka zulatuta zegoen. Itsasontzi handi batek atera gintuen handik”

Jone Guenetxea 2019ko urt. 25a, 09:00

Zulatutako pateratik itsasontzi batek erreskatatuta heldu da Europara emakume afrikar hau (Ginea Konakry, 24 urte). Orain sei hilabete asiloa eskatu zuen eta erantzunaren zain dago. Gustura dago Berrizko zentroan.

Etxetik joatea erabaki zenuen. Zergatik?
Aita hil egin zen eta osabek ezkontzera behartu gura izan ninduten. Nik ez nuen ezkondu gura. Gure amak ahal izan zuen guztia egin zuen ezkontza saihesteko, baina berak ez zuen erabaki hori hartzeko botererik. Osabek agintzen zuten gurean, eta joatea erabaki nuen.

Zelan prestatu zenuen bidaia?
Urtebete egon nintzen alde egin ahal izateko bidaia prestatzen. Lagunekin irten nintzen Gineatik, baina besteek Libiara joan gura zuten. Libiari buruz entzunda nuenagatik, Malira joatea erabaki nuen, eta han bakarrik gelditu nintzen. Aljerian beste lagun batzuekin elkartu nintzen.

Zein bide zeharkatu duzu?
Ez da bide erraza izan. Autoz joan nintzen Malira. Hantxe gelditu nintzen, bakarrik konpondu ahal nintzen ikusteko. Sasoi bat han pasatu eta gero, Aljeriara joan nintzen. Han ahal nuena egiten nuen, bidaiari jarraitzeko dirua lortzeko. Lagunekin nengoenez, Marokora joatea erabaki genuen. Bederatzi hilabete basoan egon nintzen. Saiakera bitan huts egin genuen eta hirugarrenean ontzian pasatzea lortu genuen.

Pateran zelan heldu zineten Europara?
Zaila izan zen. Jainkoak salbatu gintuen. Eguraldi oso txarra egin zuen eta zodiaka zulatuta zegoen. Salbatu egin gintuzten. Itsasontzi handi batek atera gintuen handik.

Asiloa eskatu duzu hemen?
Orain sei hilabete eskatu nuen asiloa. Hementxe gelditu gura dut.

Zer moduz sentitzen zara Berrizen?
Hemen oso gustura gaude. Beste leku batzuetan ez gara horrela sentitu. Hilabete daramat hemen, eta dagoeneko ezagutzen dut ingurua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!