Etxetik ihes egin zenuen. Zergatik?
Sufrimendu gehiegi zegoelako. Gurasoek gure herriko nagusi bategaz ezkontzera derrigortu ninduten. Bera xamana zenez, ezin zen ezkondu ablazioa egin barik zegoen emakume bategaz. Nik uko egin nion ablazioa egiteari, baina gurasoek, tradizioa zela eta, derrigortu egin ninduten.
Ablazioa egin eta beragaz ezkondu zinen?
Bai. 2015ean ablazioa egin eta ezkondu egin ginen. Gizonak momentu batean ere ez ninduen errespetatu. Behartu egiten ninduen. Nigaz umeak izatea besterik ez zuen gura, eta adinez nagusia zenez eta lortzen ez zuenez, bere anaiagaz umeak izatera behartu ninduen. Orduan, ihes egin behar nuela erabaki nuen.
Lortu zenuen ihes egitea?
Ihes egin nuen, baina harrapatu egin ninduten. Orduan, senarrak, xamanak, zoratu egin nintzela esan eta kateatu egin ninduen. Hile batzuk geroago, lagun baten bisita izan nuen. Senarrak zoratuta nengoela esan zion. Lagunari nire egoera kontatu nion, familiak saldu egin ninduela eta gizonak jipoitu egiten ninduela. Gainera, azken hileak kateatuta neramatzala ere ikusi zuen. Sei hilabete kateatuta egin ostean, lagunak ihes egiten lagundu zidan.
Nolakoa izan da hona heldu arteko bidaia?
Bidaia gogorra izan da. Hasierako asmoa Marokon nuen izeba bategaz bizitzen geratzea zen, nire herrian ume bat utzi nuelako. Baina jipoitzen ninduen gizonarengana itzuli behar nuela esan zidan izebak, tradizioak horrela agintzen zuelako. Beraz, patera hartu eta tratu txarrik jasango ez nuen lurralde batera ihes egitea erabaki nuen. Egun, Berrizen oso gustura nago eta asiloa eskatu dut hemen geratu ahal izateko.