Zelan erabaki zenuen bidaiari ekitea?
Aita hil egin zen eta ama ere bai. Ez nuen inongo laguntzarik. Ezin nintzen eskolara joan. Aitaren anaia gutaz arduratzen zen. Tratu txarrak ematen zizkigun. 59 urteko gizon bategaz ezkontzera behartu ninduen. Sasoi hartan, 14 urte nituen. Gizon honegaz ume bi izan nituen. Gizonak bere adineko beste emazte bat ere bazuen, eta ni bigarren emaztea nintzen. Biek ematen zizkidaten tratu txarrak. Emakumearentzat bere zerbitzaria nintzen. Joan nintzenean, umeak txikiak ziren. Gurago nuen hirira joan, ile-apainketan trebea naizelako. Bezero batzuk lortu nituen.
Hirian lana izanda, zelan erabaki zenuen bidaiari ekitea?
Bezero bati esan nion egunen baten joatea gurako nuela. Eta bezero horren laguntzari esker hegazkinean Marokora joan nintzen. Marokon ere lanean aritu nintzen, pelukak egiten. Jendeak iruzur egiten zidan. Hala ere, diru apur bat batzea lortu nuen. Han entzun nuen baso batera joan behar nuela.
Lortu zenuen baso horretara joatea?
Bai, baina hara heldu nintzenean gaixotu egin nintzen. Osasun arazoengatik hiru hilabete egon nintzen basoan. Esan zidaten arrikutsua izan zitekeela gaixorik bidaia egitea, baina han egotea beldurgarriagoa zen, eta gurago nuen arriskua hartzea. Lehenengo egunean kilometroak oinez ibili eta gero, leku hartara heldu ginenean zodiaka zulatuta zegoen. Bigarren aldian, astebetera, berriro saiatu ginen eta pasatzea lortu genuen. Itsasontzi batek salbatu gintuen. Gaixorik eta ia konorterik barik nengoen. Abioneta bat pasatzen ikusi nuen, eta jendea garrasika zegoen. Arrantzontzi batekoek ura eman ziguten eta, ondoren, Gurutze Gorriak erreskatatu gintuen.