Jon Barcenaren arropak agertu ziren tokitik 150 bat metrora aurkitu dute boluntarioek gorpua

Joseba Derteano 2018ko urt. 28a, 13:27

Bilaketa taldeak Urrunaga inguruan.

Bilaketan parte hartu duten senide eta lagunak hiru taldetan banatuta ibili dira Urrunaga urtegi inguruko eremua arakatzen.

Autobus bitan 105 bat lagun bertaratu dira gaur goizean bilaketagaz jarraitzeko. Astegunetan ere joan izan dira, baina ez hain talde handia. Barcenaren arropak eta bestelako objetu pertsonalak han agertu zirenean, Ertzaintzak gune hartan zentratu zituen miaketak, baina ez zuten aurkitu. “Denbora aurrera zihoan eta ezin ginen geldirik egon. Horregatik erabaki genuen zonaldea berriro arakatzea”, azaldu du bilaketa taldeko berriztar batek. “Araketa sakona egin eta gutxienez toki bat deskartatu gura genuen, hemen inguruan egon zitekeen edo ez jakin”.

Eremua hiru zatitan banatu eta hiruetako bakoitza bilaketa talde batek miatu du. Horietako batean aurkitu dute 09:00 inguruan. Barcenaren arropak agertu ziren tokitik gutxigorabehera 150 metrora aurkitu dute gorpua, bilaketa taldekoek azaldu dutenez. "Eskerrak eman gura dizkiogu bilaketan laguntzeko boluntario ibili diren guztiei eta modu batera edo bestera lagundu duten denei. Eskerrik asko".

Mapa bilaketa taldekoek egin dute bilaketa antolatzeko. Gorriz, berdez eta morez markatuta daude hiru taldeetako bakoitzaren ardurapean zegoen eremua. Erdikoan, berdean, aurkitu dute gorpua.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!