1.000 lagun aritu dira Gorbeian desagertutako gazte berriztarraren bila

Jone Guenetxea 2018ko urt. 2a, 15:11

1.000 lagun inguru aritu dira, gaur goizean, Gorbeian desagertuta dagoen gazte berriztarraren bila. Boluntarioak hamarreko taldeetan banatuta hainbat zonalde aztertu dituzte gaztearen bila. Goizean egindako lanaren ostean, boluntario gehienak Gopegiko frontoira itzuli dira gaztea aurkitu barik. Frontoian, inguruko bizilagunek janaria eta edari beroa prestatu dute. Larrialdi zerbitzuek boluntarioen lana eskertu dute, eta pertsona gehiago ez gerturatzeko eskatu dute, koordinaziorako arazoak izan ditzaketelakoan. 

Hainbat herrikide, boluntario eta larrialdi zerbitzuetako kide, zapatutik gaztea bilatzen aritu dira. Gaurko, ostera, deialdi berezia egin dute sare sozialen bidez Gopegiko frontoian batzeko. Hitzordura 600 mendizale inguru joan dira, eta irteeran koordinatzen aritu dira. Euriari eta haizeari aurre eginez, hamarreko taldeetan, bakoitzak zegokion zonaldea aztertu du. 

Zapatu arratsaldean gazte talde bat Gorbeiara abiatu zen. Igoeran, desagertuta dagoen berriztarra txarto sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen, Ertzaintzak azaldu duenez. Lagunak kotxeetara itzultzerakoan gaztea falta zela ohartu ziren. Harrezkero, bere bila dabiltza Gorbea inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!