Lau egunez Gorbeia mendian bila ibili eta gero, gaztearen bilaketan aldaketa nabarmena gertatu zen atzo. Ertzaintzak azaldu zuenez, gaztearen dokumentazioa aurkitu zuten Legution. Horrela, ikerketa poliziala abiatu zuten Urrunagako urtegian eta Legutio inguruan. Gaur goizean ere, inguru horretan ekin diote bilaketari. Urpekariak urtegia arakatzen ari dira. Ertzaintzak dioenez, "hipotesi guztiak zabalik daude".
Zapatutik bila
Zapatu arratsaldean gazte talde bat Gorbeia mendira abiatu zen. Igoeran, desagertuta dagoen berriztarra txarto sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen, Ertzaintzak azaldu duenez. Lagunak kotxeetara itzultzerakoan gaztea falta zela ohartu ziren. Harrezkero, bere bila dabiltza Gorbea inguruan. Lau egunez Gorbeiako bilaketan larrialdi zerbitzuetako profesionalek eta boluntarioek parte hartu zuten.
Urtarrilaren 2an, 1.000 lagun inguru aritu ziren, goizean, Gorbeian desagertutatako gazte berriztarraren bila. Boluntarioak hamarreko taldeetan banatuta hainbat zonalde aztertu zituzten gaztearen bila. Goizean egindako lanaren ostean, boluntario gehienak Gopegiko frontoira itzuli ziren gaztea aurkitu barik. Frontoian, inguruko bizilagunek janaria eta edari beroa prestatu zuten. Larrialdi zerbitzuek boluntarioen lana eskertu zuten, eta pertsona gehiago ez gerturatzeko eskatu zuten, koordinaziorako arazoak izan zitzaketelakoan. Hurrengo egunerako, eskarmentudun mendizaleen laguntza eskatu zuten. Berrizko Udalak eta baita familiak ere boluntario hauen laguntza eskertu zuten.