Bihar jarraituko dute Gorbean zapatutik desagertuta dagoen 19 urteko gazte berriztarraren bila. Gaur, bolondres eta profesionalen artean, 1.000 lagun inguru ibili dira Gorbea aldean bere bila. Desagertuaren familiak eta Berrizko Udalak eskerrak eman dizkie gaztearen bilaketan parte hartu duten guztiei. Bihar jarraituko dute gaztearen bila. Baina, biharko, deialdi zehatza egin dute. Mendian eskarmentua duten mendizaleak behar dituzte beste talde tekniko batzuekin elkarlanean aritzeko.
Elkartasuna mendian
1.000 lagun inguru aritu dira, gaur goizean, Gorbean desagertuta dagoen gazte berriztarraren bila. Boluntarioak hamarreko taldeetan banatuta hainbat zonalde aztertu dituzte gaztearen bila. Goizean egindako lanaren ostean, boluntario gehienak Gopegiko frontoira itzuli dira gaztea aurkitu barik. Frontoian, inguruko bizilagunek janaria eta edari beroa prestatu dute. Larrialdi zerbitzuek boluntarioen lana eskertu dute, eta pertsona gehiago ez gerturatzeko eskatu dute, koordinaziorako arazoak izan ditzaketelakoan.