Zapatuan Gorbeia mendian desagertu zen 19 urteko gazte berriztarraren bilaketa parke naturaletik kanpo ikertzen ari da Ertzaintza gaur eguerditiaz geroztik. Gaztearen dokumentazioa Gorbeiatik kanpo aurkitu dute, eta harrezkero, ikerketa Urrunagako urtegian zentratzen ari dira. Eguerditik, urpekariak urtegia arakatzen aritu dira. Ertzaintzak azaldu duenez, bihar goizera arte bilaketa eten egin dute. Gainera, desagertzearen inguruan, hipotesi guztiak zabalik daudela baieztatu dute.
Boluntarioen eta profesionalen lana Gorbeian
1.000 lagun inguru aritu ziren, atzo, Gorbeian desagertutako gazte berriztarraren bila. Boluntarioak hamarreko taldeetan banatuta hainbat zonalde aztertu zituzten gaztearen bila. Goizean egindako lanaren ostean, boluntario gehienak Gopegiko frontoira itzuli ziren gaztea aurkitu barik. Frontoian, inguruko bizilagunek janaria eta edari beroa prestatu zituzten. Gaurko, mendian eskarmentua duten mendizaleen laguntza eskatu zuten.
Zapatutik ari dira gaztearen bila. Zapatu arratsaldean gazte talde bat Gorbeiara abiatu zen. Igoeran, desagertuta dagoen berriztarra txarto sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen, Ertzaintzak azaldu duenez. Lagunak kotxeetara itzultzerakoan gaztea falta zela ohartu ziren. Harrezkero, bere bila dabiltza Gorbeia inguruan.