"Gaurtik aurrera kalean egongo gara berriro eta edozein ate joko dugu, Harrera Herria garelako"

Anboto 2022ko aza. 15a, 19:28

Atxondo Harrera Herriko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur arratsaldean. Gainera, berriro ere udaletxe azpian kanpalekua muntatu dute. Azaroaren 3an desmuntatu zuten etxea berriro jarri dute. "Gaurtik aurrera kalean egongo gara berriro", adierazi dute. 

Atxondo Harrera Herriko kideak asteak daramatzate Axpeko aterpetxean sartu ezinda; azken aste hauek ziurgabetasun egunak izaten ari dira beraientzat. Urriaren 6an Atxondoko Udalak Axpeko aterpetxera ezin zirela sartu esan zieten, eta ordutik harrerako kideak kalean daude. "Ordutik, amets gaizto hau izugarria izan da. Harrera egoera honi irtenbidea bilatzen saiatu da, adostasunez, baina bidean udalarekin biltzeko eta komunikatzeko zailtasunak besterik ez ditugu aurkitu. Udalak izan duen gertutasun eza, egoerarekiko ulermen falta eta irtenbide adostu bat bilatzeko borondate falta salatzen dugu. Bide guzti honetan ez dute gizatasunik erakutsi", azaldu dute Atxondoko Harrera Herriko kideek gaur arratsaldean emandako prentsaurrekoan. 

Gainera, azaroaren 2an egindako bileran udalak hartu zituen konpromisoak ez dituela bete salatu dute. "Azaroaren 3an udalak Arrazolako emergentzia sozialerako etxe bateko giltzak eman behar zizkigun, baina gure sorpresarako, udalak giltzik emango ez zigula esan zigun, eskainitako etxeak ez baizuen argia altan emanda. Bestalde, azaroaren 10erako idazkariaren txostena espero genuen, baina hau ere ez zen iritsi. Azaroaren 11n txostena ikusteko aukera izan genuen, baina txosten horretan ez zen bileran adostutako ezer agertzen. Udalak bileran adostutako konpromiso bat bera ere ez du bete", gaineratu dute. 

Bestalde, Harrera taldeak "konponbide bat adosteko prestutasun osoa" erakutsi duela eta "beregain hartutako konpomisoak" bete dituela azaldu dute. "Konbentzituta gaude ezinbestekoa dela Atxondon Harrera Taldeak egiten duen lana, konbentzituta gaude ezinbestekoa dela migrazioa bezalako erronka kolosal baten aurrean guztion artean aukerak eta erantzunak eraikitzea", jarraitu dute. 

Hori horrela, eta irtenbide bat bilatu asmoz gaurtik aurrera berriro kalean egongo direla jakitera eman dute. Udaletxe azpian kanpalekua muntatu dute eta "beharrezkoak" diren ate guztiak joko dituztela aitortu dute. "Gasteizera joango gara. Arartekoarekin harremanetan jarri gara. Edozein ate joko dugu Harrera Herria garelako. Uste dugu aukera dagoela egoera berbideratzeko, eskua luzatzen diogu udalari, berriz ere, irtenbide adostu bat bilatzeko", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!