"Gure sorpresarako Atxondoko Udalak giltzik ezin digula eman esan digu, eskainitako etxeak ez baitu argia altan emanda"

Anboto 2022ko aza. 3a, 21:28

Harrera taldekoek azaldu dutenez, udalak Arrazolako etxe bateko giltzak emateko konpromisoa hartu zuen atzo arratsaldean egindako batzarrean.

Atzo arratsaldean Harrera taldekoen etorkizunaz erabakitzeko batzarra egin zuten Atxondoko udaletxean. Bertan,  gobernu taldeko ordezkariak (EAJ) , oposiziokoak (EH Bildu), Eusko Jaurlaritzakoak eta Harrera Taldekoak batu ziren. 

Batzarraren ostean, Harrera Taldeko kideek jakitera eman zutenez, batzarretik zenbait konpromisorekin irten ziren. Alde batetik Harrera Taldekoek udaletxe azpiko kanpalekua desmuntatuko zutela, gaur bertan, iragarri zuten. Bestetik, udalak Arrazolako etxe bateko giltzak emango zizkiela, gaur azaroak 3, esan zien. "Eguerdian gure sorpresarako, udalak giltzik ezin digula eman esan digu, eskainitako etxeak ez baitu argia altan emanda. Nola da positble mahai gainean etxebizitza bat eskaintzea berau zein egoeratan dagoen jakin gabe", azaldu dute Harrerakoek ohar baten bidez. "Pentsatu nahi dugu honen atzean arazo tekniko bat dagoela, eta beraz konpomisoarekin irmoki aurrera egiteko deialdia egiten dugu", gaineratu dute.

Bestalde, Harrerakoei dagokienez, dagoneko herritarren laguntzagaz udaletxe azpiko kanpamendua desmuntatu dutela jakitera eman dute. 18:30etarako udaletxe azpian eraikita zegoen etxea desmuntatuta egon da.

Azaroak 10erako txostena
Horrez gain, azaroaren 10erako "beste konpromiso" bat hartu duela udalak jakitera eman dute Harrerakoek. "Axpeko etxeko txostena aterpetxe lizentzia ateratzeko eginda dago. Baina galdera da lizentzia hori gabe etxea erabili daiteke? Hori idazkariak egin behar duen txostenak erantzungo du", azaldu dute. Txosten hori azaroaren 10erako egoteko konpromisoa hartu dute. "Idazkariaren txosten horrek aterpetxe lizentzia gabe egon gaitezkela badio, azaroaren 11n Axpera joango gara. Eta ezezkoa esaten badu, orduan ikusiko dugu zer egiten dugun", gaineratu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!