Asteon polemika piztu da Atxondon. Herriko Harrera Taldeak
eguaztenean salatu zuen udalak ez diela Axpeko Aterpetxera itzultzen uzten, eta bertan bizi ziren zazpi migratzaileak kalean gelditu direla. Horri erantzun bat eman eta migratzaileei babesa adierazteko kanpamendua muntatu dute udaletxe azpian. “Udaletxe azpian etxe berri bat eraikitzea erabaki dugu. Erantzun bat jaso arte gure etxea hau izango da, harrerako etxea. Eta etxe honetako ateak zabalik dituzue”, azaldu dute Harrerako kideek.
Bestalde, datozen egunetarako egitarau zabala antolatu dutela jakitera eman dute. Egunero asanblada ireki bat egingo dute. Eta bihar esaterako, herri bazkaria, mahai jokoak eta posible balitz zinema egongo dira.
Gainera, sinadura bilketa bat egiten ere badabiltzala jakitera eman dute.
Kanpamendua muntatzeaz gain, herriko kaleetatik manifestazioa ere egin dute. Manifestazioan zehar ‘Harrera behar dugu’ eta ‘Ez, ez, ez kaleratzerik ez’ bezalako leloak oihukatu dituzte.