Zer moduz zaudete?
Soufiane Raya: Egia esan, txarto. Norbaitek ez du gura gu Axpeko aterpetxean egoterik eta hau oso gogorra izaten ari da guretzat.
Sadik Mallouk: Esplikaziorik barik kalean utzi gaituzte eta ez dugu ezer ulertzen. Hala ere, beste behin ere Atxondoko herriak ezin hobeto erantzun du eta gugaz daudela erakutsi digute. Azken batean, gu hemen bakarrik gaude eta izugarri laguntzen digute. Atxondora heldu ginen momentutik familia bat daukagu eta hori guzti hori Atxondo Harrerari eskerrak da. Nik, orain, nire familia kendu gura didaten sentsazioa dut. Ia lau urte daramatzat hemen bizitzen, eta dagoeneko nire sustraiak Atxondon daudela esateko moduan nago, Axpeko etxe honetan, eta orain horiek kendu gura dizkidate, inongo arrazoirik eman barik.
Atxondoko Udalak jakinarazi du zuek birkokatzea adostu duela Eusko Jaurlaritzagaz. Baina oraindino ez dute esan non bizi zaitezketen. Prest egongo zinatekete Atxondotik beste herri batera joateko?
S.M.: Ez, guk hemen jarraitu gura dugu. Nahiz eta kalean utzi gaituzten, Atxondon bizitzen jarraitu gura dugu, eta kalean bada ere hemen jarraituko dugu. Hori bai, argi dago kalean utzi gaituzten horiek ez dakitela kalean lo egitea zer den. Baina guk bai. Zer egin dugu txarto hau merezi izateko? Zer txar egin dugu guk? Hemen bizitzen jarraitu gura dugu. Faborez, ez gaitzatela beste herriren batera bidali.
Udala ipini da zuekin hartu-emanetan?
S.R.: Ez. Inork ere ez digu galdetu zelan gauden edo zer egin gura dugun. Guk eurekin berba egin gura dugu, hainbat galdera dugu eurei egiteko.
Atxondora heldu arte bizitza eta bidaia luze eta gogorrak izan dituzue.
S.M.: Honaino heldu arte gorriak ikusi ditugu eta orain berriro ere txarto pasatuko dugun beldur gara.
Yassin Elkhdimi: Ni Espainiara heldu nintzenean, Andaluzian egon nintzen lehenengo. Han ez nuen inongo laguntzarik eta kalean lo egin behar izaten nuen. Euskal Herrira, Atxondora, heldu nintzenean, ostera, bizimodua aldatu zitzaidan. Hona heldu nintzenetik ez dut kalean lorik egin behar izan. Eta goserik ere ez dut pasatu. Guztia Harrerari eskerrak izan da.
Zuentzat zer da Harrera?
Y.E.: Harrera talde bat baino gehiago da, familia bat. Harrerakoek euren etxeko ateak zabaldu zizkidaten, ikasketak eta janaria ordaindu dizkidate eta lana bilatzen laguntzen dute. Herri hau ezin da Harrera talde barik geratu. Hainbat gara hemendik pasatu garenak eta etorriko direnak.
S.M.: Bizitzan izan dudan aukerarik onenetarikoa Atxondo Harrerako kideekin topo egin eta hemen bizitzeko aukera izan da.
German Hernández: Harrerak ematen duen laguntza ez da beste inon ematen. Ni Atxondoko Harrera taldeari eskerrak orain Salamancan bizi naiz. Atxondon egon nintzen eta euren laguntzagaz independizatzea lortu nuen. Mesedez, ez ezazue utzi sare hau desagertzen, mutil hauek Atxondoko Harrera Herria eta Axpeko aterpetxea behar dituzte, baita etorriko diren guztiek ere.