Udaletxe azpiko kanpamendua desmuntatu eta Atxondoko Udalak Arrazolan duen etxe batera joango dira Harrerako kideak

Anboto 2022ko aza. 2a, 19:50

Gaur arratsaldean egin dute batzarra Atxondoko Udaletxean. Bertan, gobernu taldeko ordezkariak (EAJ) , oposiziokoak (EH Bildu), Eusko Jaurlaritzakoak eta Harrera Taldekoak batu dira. 

Arratsaldeko 17:00etan igo dira Atxondoko udaletxeko osoko bilkura aretora batzarrera deitutako kideak. Atxondarrek txalo eta animo mezu artean agurtu dituzte  Harrera Taldeko lau errefuxiatuak eta taldeko beste bi ordezkariak.

Ordu eta erdi inguruz batzarrean izan dira eta bertatik "soluzio" batekin bajatu dira. Batzarraren nondik norakoen berri eman diete bertan zain egon diren herritarrei. "Bilera ondo egon da eta Harrera zer den eta zer egiten dugun argi gelditu da. Bileran konpromiso ezberdinak hartu dira. Beraiek soluzio arin bat ematen dute eta bihar bertan Arrazolako etxe bateko giltzak izango ditugu", jakitera eman dute batzerrean parte hartu duten  Harrerako kideek. Eta "horren truke" Atxondoko Harrerakoek udaletxe azpiko kanpamendua desmuntatu beharko dute. Hau ere, bihar bertan. 

Bestalde, azaroaren 10erako "beste konpromiso" bat hartu duela udalak jakitera eman dute. "Axpeko etxeko txostena aterpetxe lizentzia ateratzeko eginda dago. Baina galdera da lizentzia hori gabe etxea erabili daiteke? Hori idazkariak egin behar duen txostenak erantzungo du", azaldu dute Harrerakoek. Txosten hori azaroaren 10erako egoteko konpromisoa hartu dute. "Idazkariaren txosten horrek aterpetxe lizentzia gabe egon gaitezkela badio, azaroaren 11n Axpera joango gara. Eta ezezkoa esaten badu, orduan ikusiko dugu zer egiten dugun", gaineratu dute. 

13 egun udaletxe azpian
Atxondon Harreran dauden zazpi errefuxiatuak 13 egun egin dituzte Atxondoko udaletxe azpian bizitzen. Urriaren 21ean beraien egoera salatzeko manifestazioa egin zuten eta kanpamendua muntatu zuten. Orduz geroztik bertan izan dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!