Joan zen eguztenean Atxondo Herriko Harrera Taldeak salatu zuen udalak ez ziela Axpeko aterpetxera itzultzen uzten, eta bertan bizi ziren zazpi etorkinak kalean gelditu zirela. Atzo, berriz, kanpamendu bat muntatu zuten udaletxe azpian egoera hori salatzeko eta etorkinei babesa erakusteko.
Udalak ohar bat kaleratu du gaur gai horren inguruan. Axpeko aterpetxea zein egoeratan dagoen jakin zuenetik udalak “egunak daramatza irtenbide bat bilatzen sortutako larrialdi-egoeraren aurrean”, oharrean jakinarazi dutenez.
Horrela, Jaurlaritzarekin etorkinak birkokatzea “adostu” dutela azaldu dute. “Udal-arduradunek bilera bat egingo dute datorren astean Immigrazio Saileko arduradunekin. Bilera horretan, etorkinak Eusko Jaurlaritzak profil pertsonalen arabera dituen guneetan birkokatzea izango dute helburu”, gehitu dute.
Irailean sahararren harrera programa amaitu zenetik azpiegitura itxita dagoela gogoratu dute. "Aldi horretan, Udalak kexa ugari jaso zituen instalazioetan izandako akatsengatik, eta, horren ondorioz, ikuskapena eta ondorengo txostena egin ziren. Ikuskapen honek gomendatzen zuen eraikina itxita mantentzea. Egoera hori konpontzen saiatu da Udala eta horren ondorioa Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa lortzea da", adierazi dute oharrean.
Udalaren arabera, “urte askoan zehar” egindako jarduketa puntualak “ez dira nahikoa” eraikina erabilgarri mantentzeko. Egin den txostenaren arabera, 500.000 euroko inbertsioa egin behar da azpiegitura egungo beharretara egokitzeko. “Oso zenbateko ekonomiko handia toki administrazioarentzat. Horregatik, eta egoera larrian dagoenez, Atxondoko Udalak itxita mantentzea erabaki du, betiere bertan bizi daitezkeen pertsonen segurtasuna zainduz. Atxondoko Udalak pertsonen segurtasuna zaintzen jarraituko du edozein interes pertsonal edo kolektiboren gainetik".