Hamadako Izarrak: "Aterpetxeak ez baditu baldintzak betetzen, ez dugu ulertzen zelan utzi diguten bertan egoten"

Anboto 2022ko urr. 20a, 16:28

2019ko argazkia

Hamadako Izarrak elkarteko kideek babesa helarazi diete Harrerakoei eta barikuko mobilizazioagaz bat egiten dutela azaldu. 

Martitzenean Atxondoko Harrera Herriko kideek salatu zuten Atxondoko Udalak ez diela Axpeko aterpetxera sartzen uzten. "Aterpetxera bueltatzea egokitu zaigunean ez digute bertara sartzen uzten", salatu zuten. Horri erantzunez udalak jakitera eman du aterpetxeak ez dituela bizigarritasun baldintzak betetzen eta 500.000 euroko inbertsioa behar duela. 

Orain Hamadako Izarrak elkarteak oharra kaleratu du eta babesa helarazi diote Harrera taldekoei. Horrez gain, beraien haserrea plazaratu dute: "Axpeko etxea azken urteetan Atxondoko Udalak izandako utzikeriagatik itxi da, eta ez ordea, uda ostean dagoen egoeragatik. Etxeak benetan ez baldin baditu osasungarritasun-baldintzak betetzen, ez dugu ulertzen nola utzi diguten aurtengo udan bertan egoten", gaineratu dute. 

Bestalde, bihar egingo den mobilizazioagaz bat egiten dutela adierazi dute. "Atxondoko Harrera Herriari babesa ematen diogu eta biharko deialdiarekin bat egiten dugu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!