2018an Atxondo Harrera Herria sortu zuten, Euskal Herrira heltzen diren migratzaileei harrera egin eta laguntza humanitarioa emateko. Harrezkero, Harrera taldekoek Axpeko aterpetxea izan dute egoitza, baina orain Atxondoko Udalak ezin direla bertara bueltatu esan diela salatu dute. Azken urteotan, Hamada Izarrak elkarteak eta Harrera Herriak erabili izan dute aterpetxea. Uda sasoian ume sahararrei uzten zieten aterpetxea, eta Harrerakoak udazkenean bueltatzen ziren bertara. "Orain aterpetxera bueltatzea egokitu zaigunean, udala inspekziorako txosten baten zain dagoela eta Axpeko etxera ezin garela bueltatu esan digute. Txosten hori heldu arte Axpeko aterpetxea eskatu diogu alkateari, gure erantzukizunpean, kalean egotea baino duinagoa delako. Gainera, etxe hori bizitzeko moduan dago, orain egun batzuk arte ume sahararrak bertan izan dira eta", azaldu dute.
Harreran dauden zazpi migratzaileak Atxondo Harrerako kideek bilaturiko etxe batean egon dira azken hileotan, baina orain utzi egin behar dute etxe hori. "Etxe horretan bai, lanak egin behar dituzte eta kanpora joan behar dira. Kalean geratzen dira", jarraitu dute Harrerakoek. Beraz, euren egoera salatzeko, mobilizaziora deitu dute barikurako. 18:30ean izango da, udaletxe azpian. "Etxerik barik utzi gaituzue baina etxea badugu, zatoz udaletxe azpiko Harrerako etxe berriaren inauguraziora, luntxa eta txokolate beroa gure kontu", amaitu dute.
Xabier Azkarate Atxondoko alkateak ANBOTOri esan dionez, ume sahararrak bertatik irten zirenean prebentziokoak etxea ikustera joan ziren eta arkitektoaren txostena eskatu zuten. "Etxea zein egoeratan dagoen aztertzen dabil arkitektoa, txostena egiten. Beraz, txosten horren zain gaude hitzarmena sinatzeko. Eta hitzarmenik barik ezin da barrura sartu. Zeozer gertatuko balitz ardura nirea izango litzateke", esan du alkateak. Bestalde, Atxondoko Udalak beste baliabiderik ez duela gaineratu du.