Osasun arreta publikoari buruzko kexak gero eta nabariagoak dira eskualdean. Duela egun gutxi berriztarrek irten zuten kalera. Durangoko DOPA plataformak bere kexa adierazi du oraintsu, eta, arratsalde honetan, Traña-Matienako bizilagunek kaleratu dute ezinegona. Umeak, gurasoak, familiak zein adinekoak auzoko kontsultategiaren parean batu dira protestan, Osasun Sailari pediatria zerbitzua berreskuratu dezan eskatzeko. Izan ere, Traña-Matienako auzotarrak 2021eko ekainetik dabiltza zerbitzuagatiko gorabeherekin, bertan urte askoan aritutako pediatrak erretiroa hartu zuenetik. Gainera, kontua are gehiago larritu zen iazko azaroan, Osakidetzak Traña-Matienari ordura arte zegokion pediatra postua erretiratu zuenean. Harrezkero, 0-6 urteko umeek Zelaietako anbulatoriora jo behar izaten dute. Zazpi urtetik gorakoek, aldiz, Berrizera, Elorriora edo Zaldibarrera. Protesta bukaeran adierazi dutenez, "onartezina" da auzoan pediatrarik ez egotea.
Abendutik hona, Abadiñoko Udalak hainbat bilera egin ditu Osasun Sailarekin, baina ez dute "inolako emaitzarik" jaso. Hori dela eta, udalak deituta, auzotarrek kontzetrazioak errepikatuko dituzte ekaineko eguazten arratsaldeetan. Era berean, atzera ere batzartzea eskatu diote Osakidetzari. "Osasunaren arloan beti egin behar dugu aurrera, inoiz ez atzera. Ezinbestekoa da Abadiñok pediatria zerbitzu duin eta kalitatezko bat izatea", bukatu dute.
Ordezkaritza politikoari dagokionez, Abadiñoko Udalean zein udalerrian egitura antolatua duten alderdi politikoetako kide guztiak egon dira. Besteak beste, honako hauek: Mikel Urrutia alkatea eta Eider Ajuria (EH Bildu), Edurne Maguregi alkateordea Jose Luis Navarro zinegotzia (Abadiñoko Independente Berriak); EAJko Mikel Garaizabal, PSE-EEko Patxo Campo eta udaletxean ordezkaritzarik ez duen Alfondo Arroyo (Elkarrekin Podemos).