"Matienako anbulatoriotik asko daramat bihotzean, asko eman didatelako"

Aitziber Basauri 2021ko eka. 13a, 10:20

Pediatria espezialitatea amaituta, Esther Gorostizak (Atxondo, 1963) Gastroentorologia eta Nutrizio ikasketak sakondu zituen Parisen (Frantzia), eta 1985ean pediatra hasi zen lanean Abadiñon. Matiena eta Zelaietako osasun zentroetan jardun zuen lau urtean, lanaldia partekatuz. Azken 32 urteak Matienan egin ditu  bertako umeak artatzen.

Hainbat belaunaldi pasatu da zure kontsultatik urte hauetan. Zein sentsazio sortzen dizkizu horrek?
Batetik, norberaren urteak gorantz doazela. Bestetik, sentsazioa dut aldatu egin dela gurasoen konpromisoa umeen zaintzari dagokionez; onerako aldaketa izan da. Hunkigarria da umetan kontsultara etorri zirenak euren seme-alabekin etortzea. Eta, sarritan, ilobekin etorri dira lehenago seme-alabekin zetozen aitita-amamak. Denbora luzean leku batean egoteak helburu batzuk zehazteko aukera eman digu. Arlo zientifikoan ikasten jarraitu dugu, beti ere egunerokoari egokituz, eta ikasitakoa gurasoei transmititzen ahalegindu gara.

Pediatraren lana aldatu egin da?
1989tik aurrera aurrerapen handiak bizi izan ditugu lehen arretako pediatrian. Lanaldi osoak ipini ziren eta pediatra batek gehienez 800 ume artatzea erabaki zen. Horrek arlo berrietan lan egiteko aukera ekarri zuen: haurren osasun programa, gaixotasun kronikoak (asma, obesitatea…) eta, azken urteotan, arlo psikosozialari lotutakoak.

Zelakoa da hartu-emana gurasoekin?
Ez du zerikusirik sasoi bateko hartu-emanagaz. Zelaietako eta Atxondoko pediatria plaza sortu zenean, gurasoekin hartu-eman estuagoa izateko aukera izan nuen, konfiantza sendotzeko. Urte gutxian Matiena asko hazi zen, ezinean ibili nintzen.

Pediatria zerbitzua arduraz bizi dute gurasoek Durangaldean.
Gaur egun umeen artatzea ez dago ziurtatuta lanaldi osoko pediatragaz, eta lehen arretako pediatria konplikatu egin da azken urteotan. Amatasun baja bategaitik, jubilazioagaitik edo gaixotasunagaitik pediatra titularra falta denean, ez dute ordezkorik ipintzen, edo lanaldi partzialean ipintzen dute. Egoera luzatzen bada zerbitzuaren kalitatea jaisten da. Ume bakoitzari merezi duen arreta emateko, beharrezkoa da lehen arretan pediatrak lanaldi osoan ipintzea, zerbitzua egunero emanez. Horrek lehentasuna du.

Izango duzu pasarteren bat kontatzeko.
Umetan artatutako guraso batek hauxe esan zidan: hain dut bizimodu osasuntsua ze, nire umearentzat gauza bera egitea eskatu gura dizut.

Zelakoak izan dira pediatra lez bizitako azken egunak?
Uneoro bihotzeko taupadak entzunez. Guraso eta umeen agurrak, lankideen eta udal ordezkarien aitortza... ez daukat berbarik eskerrak emateko. Eguneroko lana erraztea eta partekaturiko erabakietan errespetatua sentiaraztea eskertu gura diet denei. Ibilibide profesionalaren gailurrean dago aitortza hori. Ez dut sekula ere ahaztuko unerik latzenetan emaniko laguntza. Bestalde, barkamena eskatu gura dut inork sentitu badu ez dudala bere itxaropena bete. Asko daramat bihotzean, asko eman didatelako.

Pandemia bizitzea ere tokatu zaizu.
Ziurgabetasunezko momentu asko bizi izan ditugu denok, eguneroko kontsultak pandemiaren bilakaeraren arabera egokituz. Gatxa izan da arreta telefonoz ematea, zalantza handiagoak eraginez kasua bideratu artean. Sekula ikasi bako atentzioa ematea tokatu zaigu.

Bata erantzita, zer egingo duzu orain?
Etapa berri bati ekin, ilusioz beterik. Gogoa dut semeekin eta ilobagaz denbora pasatzeko, lagunekin mendian ibiltzeko, musika entzuteko...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!