[BIDEOA] Jairik ez, Donien Atxa bai

Ekaitz Herrera / Maialen Zuazubiskar 2021ko api. 27a, 21:19

Traña-Matienako gazte talde batek Donien Atxa irudikatzen duen zuhaitza sartu du elizaren pareko biribilgunean. Pandemiagatik ez balitz, auzotarrek gaurko egunez hasiko zituzketen jaiak, San Prudentzio bezperaz.

Argi dago: jaia egiteko gogoa, egon, badago; baina aurten ez da halakorik egongo, osasun egoera ez dago-eta festatarako. Honezkero sobran ezagutzen ditugun arrazoiak direla-eta, Abadiñoko Udalak, Traña-Matienako jai batzordeak, eta Txosna batzordeak ez dute ezelako ospakizunik antolatu. Zero patatero. Baina auzoko herritar talde batek, ohitura onak mantentzeko bultzadari eutsita, Donien Atxa ipintzea erabaki du. Urtero-urtero ipini ohi den tokian jarri dute zutik, Trañabarren kaleak, Laubideta kaleak eta Zubibitarte kaleak bat egiten duten biribilgunean. Beraz, sinbolikoki bada ere, Donien Atxa egongo da egunotan kalean. Iaz ere antzerako zerbait gertatu zen. Itxialdi bete-betean egon arren, arbola ipinita zegoela iratzartu zen auzoa.

Koronabirusak Traña-Matienako jaiak bertan behera uztea eragin du bigarrenez. Iaz, auzotarrek balkoietara irtenda ospatu zituzten. Ahal bezala. Baina ez zen ezertxo ere falta izan. Auzoko memorian betiko gordeta gelditu dira balkoietan egindako ospakizunak, musika giroa eta urteko pertsonaiaren saria. San Prudentzio jairik egongo ez den arren, Abadiñoko Udalak eskaintza kultural xume bat programatuta beteko du hutsunea. Ume, gazte zein heldu, adin guztietarako egitarautxoa prestatu dute. Eta esan barik doa, ekintza guztiak berrazko osasun neurriekin egingo dituztela.

San Prudentziorik ez. Eta aste gutxi barru Abadiñoko zaindariaren omenez egingo liratekeen San Trokazik ere, ez. Abadiñarrek datorren urtera arte itxaron eta orduan ikusi beharko dute ea zer nolako osasun egoera dagoen.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!