San Prudentzio bezperan, bizilagunek auzoko pertsonaiaren saria eman zizuten. Itxaroten zenuen horrelakorik?
Egia esan, ez, ez nuen horrelakorik itxaroten. Pozarren nago bizilagunek egindako aitortzarengaitik. Izugarri estimatzen dut eman didaten sorpresatxoa. Sari bat eman eta dantzan egin zidaten; oso polita izan zen. Baina ez da izan egun hauetan egin didaten sorpresa bakarra. Apirilaren 30ean nire urteguna izan zen eta orkidea bat ere oparitu zidaten. Oso eskertuta nago.
Auzotarren artean maitatua zaren seinale da hori.
Jainkoari eskerrak bizilagunen artean oso erlazio ona daukagu, eta garai gogor hauetan hori ikusi da. Nire ustez, horrelako garaietan ingurukoekin giro polita izatea ezinbestekoa da, eta gure auzoan argi geratu da hori badagoela. Egunero balkoira irteten dugu, elkarregaz berba egiten dugu, eta baita abestu eta dantzatu ere. Horrez gainera, egun hauetan hainbat postre egin ditugu: bizkotxoak, erroskillak... eta gero ingurukoen artean banatu ditugu. Helburua giro polita sortzea eta denok momentu atseginak pasatzea izan da.
COVID-19ak ekarritako alarma egoera honetan giro onean egoteak konfinamendua erraztuko du, ezta?
Dudarik barik. Auzoan giro polita izateak eramangarriagoa egiten du dena, baita konfinamendua bera ere. Giro ona izateak poztu egiten du pertsona, eta hori ezinbestekoa da.
Zuen auzo inguruan hainbat gauza antolatu dituzue, Mozorro Eguna eta Aste Santuko prozesioa, besteak beste. Zuk denetan parte hartu duzu.
Kalera irteteko baimenik eduki ez dugunez, zerbaitetan denbora ematea garrantzitsua izan da. Beraz, antolatu diren gauza guztietan parte hartu dugu. Baliteke adin egokia ez izatea horrelako gauzetarako, baina bueno, hortxe ibili gara balkoian (barrez).
Asteburu honetan ere hainbat ekintza egongo dira Traña-Matienan San Prudentzio jaien harira: tortilla eta paella txapelketak, besteak beste. Baduzu horietan parte hartzeko asmorik?
Badut esperantza, bai. Esan dizudan moduan, antolatzen diren gauza guztietan parte hartzeko ohitura dut. Jaien bueltan egunero izan dugu zerbait auzoan, bizilagunek denerik antolatzen dute eta. Joan zen asteburuan, esaterako, egun bitan bingoa izan genuen, eta egun bakar batean ere ez da musikarik eta giro onik falta izan.