Astolako igerilekuen kudeaketarako kontratuarekin jarraituko du Emtesportek, lizitazio berri bat zabaldu bitartean

Anboto 2021ko mar. 31a, 10:00

Abadiñoko Udalak Astolako igerilekuen kudeaketarako kontratuaren nahitaezko jarraipena onartu du. Udalak alde bakarretik hartutako erabaki honen bitartez Emtesport enpresak azpiegitura kudeatzen jarraitu beharko du. MIkel Garaizabal alkatearen berbetan, "oinarrizko zerbitzu batetaz ari gara, ezin dena eten, eta kontratua luzatzera behartuta gaude". Abadiñoko EH Bilduren ustean, "iazko akats berdina" errepikatuko du udalak.

Emtesport enpresak 2015eko apirilaren 1etik kudeatzen du Astolako kiroldegia eta igerilekuak. Bost urterako kontratua adostu zuen Abadiñoko Udalak enpresa horregaz, 2020ko martxoaren 31ra arte. Kontratua urtebetez luzatzea erabaki zuten orduan. Hala ere, epe hori amaituta, luzamendu berri baterako akordiorik ez da lortu. Horren aurrean, Abadiñoko Udalak kontratuaren nahitaezko jarraipena erabaki du, zerbitzu kontratu berri bat egin ahal izateko".  Abadiñoko Alkateak nabarmendu duenez "udalak ez du berari ez dagokion euro bat gehiago ordainduko". 

Abadiñoko Independienteen (AI) bozeramale Javier Crespok erabaki hau hartzera "behartuta" aurkitu direla azaldu du. "Zerbitzurik onena eman gura dugu, eta azpiegitura itxiz gero ezingo genuke egin". Nabarmendu du udan igerilekuak zabalik egongo direla. Iazko kontratu luzamenduak pandemia egoera hartu zituela azaldu du. "Egoera mugatu egin gaitu zerbitzuaren lizitazio berri bat prestatzeko eta kudeaketa eredu berri baten alde lan egiteko". 

EH Bildu: "Ezkutuko luzamendua egin da"

Abadiñoko EH Bildu oso kritiko agertu da erabakiagaz. "Igerilekuen zerbitzuaren kudeaketagaz gertatzen ari dena udal honen kudeaketaren ispilu da". Kualizio subiranistako bozeramale Mikel Urrutiak galdetu dio EAJk eta AI osatutako gobernu taldeari zertan egin duten lan azken hamar hilabeteetan. "Etxeko lanak ez egiteagatik kanon bat ordainduko dugu. Igerilekuak urte osoan zabalik egon balira bezala ordainduko dugu, eta udan baino ez dira zabalduko. Ezkutuko luzamendua egin da". Nabarmendu duenez, "iazko akats berdina errepikatuko du udalak".

Urrutiak gogoratu du EH Bilduk lizitazio prozedura berri bat abiatzea proposatu izan duela. "Hala ere, ezetz esan diguzue hainbat bider. Orain, zerbitzurako kontratu berria landuko da. Berandu eta txarto egin da, garestiago aterako zaigulako".

EH Bilduk iragarri du berraztertzeko errekurtsoa jarriko duela. Dionez, Abadiñoko Udalak Emtesport enpresagaz zuen kontratua eten egin zen 2019ko maiatzean.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!