Astolako igerilekuak udan erabili ezinik gelditzeko "arriskua" dagoela dio Abadiñoko EH Bilduk

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 17a, 09:33

Berehalako lizitazio bat egin ezean,  Astolako igerilekuak ez dira udan erabilgarri egongo koalizio subiranistaren esanetan. Udalak Emtesportekin duen kontratua luzatzeko asmoa "ez da legezkoa", kontratu hori 2019tik hona "iraungita" legokeelako. EH Bilduren arabera, Astolako kiroldegia iraungitako kontratu batekin ustiatu da 2019tik.

Udan Astolako igerilekuak "erabili barik gelditzeko arriskua" dagoela dio Abadiñoko EH Bilduk. Kontua da udalak igerilekuak ustiatzeko kontratua luzatu gura duela Emtesport enpresagaz, baina luzamendu hori ez litzatekeela posible, EH Bilduren esanetan, "txosten juridiko batek" legez kanpokotzat jotzen duelako. “Igerilekuaren instalazioak kudeatzeko enpresa bat behar izanez gero, kontratazio esleipen berri bati eman beharko litzaioke hasiera", koalizioak dioenez. Eta hor legoke auzia: kontratazio esleipen berri bat behar izatekotan, igerilekuak udako epealdi barruan ezin zabaltzeko "arriskua" legoke EH Bilduren arabera. 

2019tik "iraungitako kontratua"

Auziak 2019ko osoko bilkura batean du jatorria, koalizio subiranistak dioenez: "Sasoi hartan, Emtesport enpresak, kontratua eteteko eskaria egin zion udalari, Astolako kiroldegia kudeatzeak errentagarritasunik ez zuela argudiatuz. Udalbatzak onartu egin zuen eskaria eta hortaz erabaki horrekin kontratua iraungita geratu zen legez. Hori dela eta, ez da posible iraungita dagoen kontratu bat prorrogatzea", azaldu du EH Bilduk. "Ulergaitza dirudien arren, 2019tik ia bi urtez aritu da enpresa kiroldegia kudeatzen, kontratua iraungita izan arren". Horren ondorioak "arlo juridikotik" aztertu beharko direla iradoki du.

Koalizioak gogorarazi du du "hilabeteak" daramatzala lizitazio bat egiteko eskatuz, "zerbitzuak kalitate handiagoz emateko, eta enpresak aurkezteko aukera berdintasuna izateko". Orain lizitazioa "lehenbailehen" egin dadin eskatu du EH Bilduk. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!