Kepa Arroitajauregiren oroimenezko pilota txapelketak punta-puntako pilotariak batuko ditu

Anboto 2020ko ira. 29a, 13:17

Bariku honetan hasi eta urriaren 30ean amaituko da, Tornosolo trinketean.

Munduko Pilota Batzarrak, Tornosolo trinketeak eta Amankomunazgoak Kepa Arroitajauregiren oroimenezko pilota txapelketa aurkeztu dute gaur.

Hizlariek Arroitajauregiren figura goraipatu dute. Pilotako modalitate guztietan, erakunde askotan, pilota eskoletan eta emakumeen pilota sustatzen egindako lana azpimarratu ditu Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak. Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak Arroitajauregik trinketean egindako lana gogoratu du. "Bera izan da trinketearen bultzatzaile nagusia Durangaldean, Bizkaian eta, esango nuke, Hego Euskal Herri osoan. Eskuko lehen txapelketa antolatu zuenean lau-bost bikote besterik ez zeuden. 20 urte geroago trinketea indartsu dago eta argi dugu, hein handian, bere lanari eta kemenari esker izan dela".

Hainbat modalitateko onenak

Tornosolo trinketeko Aitor Arabiourrutiak azaldu du orain gutxi hainbat pilotari batu zirela eta txapelketa bat sortzea erabaki zutela, Kepak urteetan egindako lana bertan behera geratu ez zedin.

Txapelketa modalitate bitan jokatuko da: paletan —gizonetan zein emakumeetan— eta esku pilotan. Bariku honetatik aurrera, barikuro jokatuko dituzte jardunaldiak finaleko egunera (urriak 30) arte. Esku pilotako finalerdiak eguenetan izango dira: urriaren 15ean eta 22an. Partiduak 18:30ean hasiko dira. Finalak ETB telebista kateak eskainiko ditu.

"Punta-puntako" pilotariak etorriko dira, Arabiourrutiaren arabera. Esaterako, Ipar Euskal Herritik Battitta Ducassou, Peio Guichandut , Peio Larralde eta Mathieu Ospital ariko dira esku pilotan. Eskualdeko pilotariek ere parte hartuko dute: Arabiourrutiak berak eta Asier Aspuruk esku pilotan, eta Itxaso Praderak paletan.

Sarrerak doakoak dira eta nahi duenak aurretik erreserbatu ditzake 627 14 18 45 telefono zenbakian eta tornosolotrinketea@gmail.com helbide elektronikoan.

Segurtasun protokoloa

Elkoroiribek txapelketara begirako segurtasun neurri batzuk zerrendatu ditu. Edukiera %50era murriztuko dute; ikusleak sarreran ageri den eserlekuan eseri beharko dira eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da.

LEHEN JARDUNALDIA - URRIAK 2 (18:30)

Emakumeen paleta goma:

- Irazustabarrena - Galdos / Espinal - Ardanaz

Gizonen paleta goma:

- Garcia - Ardhoain / Eslava - Purroy

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!